Kurutziagako eta Ibaizabaleko ekintzaileak prest 2016ko Ibilaldia antolatzeko

Anboto 2015ko eka. 19a, 09:00
Ezkerretik eskumara, Fernandez, Markoida, Elorriaga, Zarraoa, Azpitarte eta Elorrieta. (Argazkia: Lehior Elorriaga)

Kamisetak koloreka sailkatu, banan-banan tiketak ipini, denda txukundu... Urtebete falta da oraindik 2016ko Ibilaldia heltzeko, baina Kurutziaga eta Ibaizabal ikastoletako guraso ekintzaileak prest daude erronkari ekiteko. Ibilaldia antolatzeko lantaldeka banatu dira, eta arroparen salmentaz arduratzen den taldekoak izan dira goiztiarrenak. Izan ere, materiala ahalik eta lasterren salgai ipintzeko asmoz, otsailean hasi ziren batzartzen. Aitziber Fernandez, Idoia Markoida, Idoia Elorriaga, Bego Zarraoa, Oihana Azpitarte eta Jon Elorrieta dira arroparen batzordeko kideetako batzuk.

Dagigun!
Joan zen barikuan aurkeztu zituzten Ibilaldiko logoa eta leloa. Dagigun! izango da goiburua, eta indar askokoa eta aktibatzailea iruditu zaio Elorriagari: “Guk egin dezagun ekintza, denon artean, mugimenduan”.

Zelako animoz dauden galdetuta, “gogotsu” daudela erantzun dute denek, eta “urduri” ere bai baten batek. Gurasoen ilusioa nabarmendu du Elorrietak: “Talde honetakook ordu piloa sartu dugu. Ardura da, baina ilusiorik ez badago, hori ez da lortzen”. Gainera, boluntarioen lana eskatu dutenean, orokorrean, gurasoen erantzuna ona izan dela esan du. Azpitarte ere iritzi berekoa da: “Denda prestatzeko, txanda egitea eguaztenean zegokion jendea eguenean ere etorri izan da”.

Ibilaldiagaz aterako duten dirua Kurutziagako Haur Hezkuntzako eraikina berrizteko eta Ibaizabalerako beste eraikin bat egiteko erabiliko dute. Horregatik, lan egiteko beharra ikusten du Elorriagak: “Ibilaldia guk sinisten dugun proiektu baten alde da, ekonomikoki bultzada bat emateko”. Hain zuzen ere, Elorrietak kontatu duenez, boluntarioen lanean ikusten dute Ibilaldiaren arrakastaren giltza: “Auzolan ona egiten badugu, Ibilaldi ona izango da”.

Taldeak osatzeko, batzar batera deitu zuten arduradunek. “Batzarrera jende piloa etorri zen”, gogoratu du Zarraoak. Beraz, Dagigun! leloa eta gurasoen ekintzailetasuna bat datoz.

Beste Ibilaldi mota bat
2016ko maiatzaren 29an izango da Durangoko Ibilaldia, eta oraindik urrun ikusten dute eguna. Baina hasi dira irudikatzen. Bestelako Ibilaldia egin gura dute, hori lortzea gaitza dela onartu arren. “Ibilaldiari beste kutsu bat eman gura diogu. Berriro atzera egin, eta lehengo Ibilaldietara joan gura dugu. Adibidez, ibilbidea egiteko ilusioa berreskuratu gura dugu. Ibilaldia botiloi gune bihurtu da, beste edozein jai izango balitz bezala”, adierazi du Elorriagak.

2005ean, lo gutxi
Antolaketan badago esperientziadunik. 2005ean egin zuten azkenekoz Durangon, Eman bostekoa lelopean. Bertan beharrean egon ziren Elorriaga eta Elorrieta, ikasle ohi zirelako, eta Zarraoa, guraso zelako. Ondo gogoan du Zarraoak: “Azken hamabost egunak gogorrak izan ziren, lo gutxi egin genuen. Denda Goienkalean geneukan, eta biltegia Ezkurdin; arineketan ibili behar izaten genuen, txosnak ere muntatu behar ziren...”. Akorduan du Ibilaldi egunean euria bota zuela, baina eskerrak tiketak saldu ostean hasi zen...

Denda, bihartik aurrera zabalik
Barrenkalean, udaletxearen alboan, zabalduko dute Ibilaldiko denda bihar, zapatua, 12;30ean. Bertan, 80 erreferentzia dituzte materialetan. Eguaztenetik barikura goiz eta arratsaldez egongo da zabalik, eta zapatuetan goizez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!