Lasterketa denak Ezkurdin hasiko dira eta parte hartzea ahalik eta zabalena izan dadin hainbat zirkuitu antolatu dituzte adin tarte desberdinentzako. Gaztetxoenak, 2008an edo harrezkero jaiotakoak, 500 metroko ibilbidean ibiliko dira korrika. Ezkurdi plazari itzuli bat emango diote kanpoaldetik 10:30ean hasiko den lasterketan. Ondoren, 10:45ean, 2006-07 urteen artean jaiotakoen txanda izango da; hauek aurrekoen ibilbide eta distantzia bera egingo dute. Adinean aurrera egin ahala zirkuitua luzeagoa da. 2004-05 urteen artean jaiotakoek itzuli bat emango diote 800 metro dituen zirkuitu ertainari, eta 2001-03 urteen artekoek, berriz, itzuli bi osatu beharko dituzte.
Gaztetxoen mailetako lasterketen ostean, nagusiena hasiko da, 11:45ean. Hauentzat sei kilometroko ibilbidea diseinatu dute. Durangoko kaleetan ez ezik, Iurretako Orozketa auzotik ere ibiliko dira parte hartzaileak. Lasterketa horretan ere hainbat sailkapen egongo dira adinaren arabera.
Nagusientzako lasterketan parte hartu ahal izateko izen-ematea modu bitara egin daiteke: www.kirolprobak.com webgunean abenduaren 5era arte, edo, egunean bertan, lasterketa hasi baino ordubete lehenagora arte. Gaztetxoak ikastetxeetan edo egunean bertan apuntatu daitezke, proba bakoitza hasi baino ordu erdi lehenagora arte.
Zozketak eta opariak
Lasterketa nagusiko parte hartzaileek kamiseta bat eta Cafés Baquék emandako opari bat jasoko dute.
Horrez gainera, goizean zehar Dendak Bai elkarteak emandako erosketa bonoak zozketatuko dituzte Ezkurdin. Helmugan parte hartzaileen eskura egongo den janaria eta edaria Abadiñoko Eroskiren bitartez jaso dute.