50. Durangoko Azoka

Durangoko Azokarako autobus zerbitzua ipiniko dute inguruko herrietako aparkalekuetatik

Anboto 2015ko aza. 30a, 14:28

Inguruko herrietako aparkalekuak eta Landa Gunea lotuko dituen doako autobus-zerbitzua ipiniko dute, aurten, lehenengoz, abenduaren 4tik 8rako Durangoko Azokara datozenen aparkatzea errazteko.

Iurreta eta Abadiñoko merkatalgune eta industriaguneetan atonduko dituzten aparkalekuetan autoa uzten dutenek, 30 minutuko maiztasunagaz ibiliko den autobusa izango dute aukeran, 10:00etan hasi eta 22:00ak arte, Landako Gunera hurreratzeko.

Iurretan, suhiltzaileen alboko aparkalekuan (autopista irteeran), Mallabiena industriagunean eta Arriaundi industrialdean hartu ahalko da Landako Gunerako doako autobusa. Abadiñon, Sabeco-Garbigunean, Astolabeitia industrigunean, Astolako autobus geltokian, Trañabarrenen, eta Eroski merkatalgunean egingo ditu autobusak geldialdiak.

Durangoko Azokara etortzeko garraio publikoa erabil dezaten dei egin die Gerediaga Elkarteak herritarrei.  Bizkaibusek zein Euskotrenek zerbitzu bereziak eskainiko dituztela azpimarratu du Gerediaga Elkarteak: aurten, lehen aldiz, Gipuzkoatik datozen trenen maiztasuna ere areagotuko du Euskotrenek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!