Izan ere, artisauen Euskal Dendak 20 urte daramatza “zerbait desberdina” eskaintzen, Bernat Vidal Arbaso artisauen elkarteko ordezkariaren berbak hartuta. “Desberdina, esklusiboa, kalitatezkoa, bertakoa, pertsonala... Hori da artisauaren lana”.
“Anai txikia”
Lehengo liburu eta diskoen azoka haren arrakastapean jaio zen Euskal Denda, 1996an. “Anai txikia gara”, adierazi zuen Vidalek aurkezpenean. Artisauen azokak ere jendetza batu izan du ordutik, eta kultur giroa Durangora hedatzen lagundu zuen gainera. Aitziber Irigoras alkateak artisauen lana eta ekarpena nabarmendu zituen aurkezpenean: “Durango euskal kulturaren hiriburu bilakatzen da abenduko zubian, eta hori, Euskal Dendari esker ere bada”. 20 urteotan guztia ez da erraza izan, Vidalek gogoratu zuenez: “Urte batzuk zailak izan dira ekonomikoki”. Edozelan ere, Vidalen ustez, merkatuko azokak bizirik iraun du urteotan, eta “jendeak erakutsitako elkartasuna” ikusten du horren oinarrian.
Durangaldetik, sei
Guztira sei postu egongo dira Durangaldetik sortutakoak. Horietatik bi berriak izango dira gainera: zeramika lantzen duen Rosa Etxaberena eta Artezi tapizeriarena. Norone Bizkarra eta Iratxe Artiach durangarrek Eibarren duten lantokia. Eurez gainera, Bea Unzueta zuntz begetalekin, Eneko Unzalu bitxiekin eta Anitha Mol papera eta kartoiagaz egongo dira, baita Durangoko Restaurarte etxekoak ere.
Artetsu sariak
Bizitza osoko dedikazioagatik, Elena Txintxurreta buztingileak, Jose Ramón Salmantón otzaragileak eta Alicia Bengoetxea espartingileak jasoko dute saria. Bestelako errekonozimenduen artean, Euskal Herrian Euskaraz erakundea omenduko dute, euskara sustatzearen alde eginiko lanagatik. Barikuan izango da ekitaldia, 19:30ean, merkatu plazan bertan.