50. Durangoko Azoka

Olatz Zugazti: "Nire inflexio-gune bat islatzen du disko honek; zuzenekoen ukitu horrekin datorrena"

Anboto 2015ko aza. 30a, 09:22

Ur goiena, ur barrena bosgarren diskoa aurkeztuko dute, Olatz Zugasti musikariak eta bere taldeak, abenduaren 6an, 22:30ean, Durangoko Plateruenean. Benito Lertxundiren taldekide bezala hamarkadak daramatza Zugastik, baina bere disko bat zuzenean aurkezteko bira lehenengoz abiatu berri du.

Ekainetik hainbat lekutan eskaini dituzu disko honetako kantak zuzenekoetan. Zelako sentsazioak izan dituzu?
Zuzenekoak egiteko erabakia hartu nuenetik, ekainean Iruñean preludio moduko bat eskaini ahal izan nuen. Oso sentsazio politak izan nituen, momentu hunkigarriak bizi izan nituen, eta jendeak oso gustora egon zela esan zidan. Gero, uda guztia eman dugu diskoa grabatzen, eta azaroan hasi dugu diskoaren aurkezpen bira.

Non aritu zarete diskoa aurkezten?
Bilboko Campos Elíseos antzokian jo genuen birako lehenengo kontzertua, eta Markinan ere aritu gara. Batez ere Markinako elizako kontzertua, oso berezia izan zen: harrera oso beroa egin zigun publikoak, eta soinu aldetik ere oso ondo egon zen.

Durangon, Plateruenean, eta gainera Azokako egunetan jotzea aukera ederra baita, ezta?
Bai, espero dugu jendea animatuko dela etortzera. Igandean da emanaldia, eta berandu xamar beharbada, baina espero dugu jendea etorriko dela. Ea jendeak hautatzen gaituen!

Kontzertuetan taldekideekin lortu duzun konexioagaz ere gustora?
Zuzenean zerbait egin gura nuela erabaki nuenean, zer formatutan egingo nuen pentsatzen nenbilela, Buffalo talde zarauztarra entzuteko aukera izan nuen Orion. Lehenagotik ezagutzen nituen musikari gazteek dihardute talde horretan, eta proposamenagaz hurbildu nintzaien. Hasieratik baiezkoa eman zidaten, ezer gehiago galdetu barik, eta horrek ere asko animatu ninduen pausua ematera. Estilo aldetik bat egiten dugula iruditzen zait.

Zure arpa eta ahotsa dira kontzertuaren ardatza. Zer ekarpen egiten dute taldekideek?
Rock-pop mundutik datorren oinarria dira eurak: baxua, gitarra, bateria, teklatuak eta eskusoinua. Arpa elementu zentrala izan arren, arpagaz solteago ibiltzeko aukera eman dit laukote honegaz jarduteak.

Taldekide oso gazteekin elkarlanean jarduteko aukera polita dirudi.
Betidanik musikaren inguruan ibili diren lau mutil oso gazte, dira, bai: Julen Alonso 19 urteko gaztea da, bera da laukoteko gazteena. David Gorospek 25 urte dauzka, eta helduxeagoak, baina gazteak dira Ander Ederra eta Joanes Ederra ere. Denen ama ematen dut (barrez), baina benetan gustora nabil eurekin.

Kostata hartutako erabakia izan zen zuzenekoak ematen hastearena?
Kontu hori beti zegoen airean... Izan ere, badirudi kantuak egin eta zuzenean ematen ez badituzu, hiltzen doazela, hor geratzen direla... Urte guzti hauetan beste lan batzuetan ibili naiz; Benito Lertxundiren taldeagaz jotzen, eta Euskadi Irratian irratsaio bat egiten, besteak beste. Beldurra ere eduki dut pausua emateko: Benitorekin izandako bizipenek, bere kantekin jendeagan eragiten duenak... Dena beltz edo zuri ikusten nuen... Baina gauzak ez dira horrela, eta orain ikusi dut dela pausua emateko momentua. Nolabait ere, Benitoren itzalean egon naiz; baina ez diot sekula Benitoren alboan egiten dudanari uko egingo. Musikari bezala, erantzunkizun handia eta polita da kantariari ondo zerbitzea. Horretan ongi sentitu naiz betidanik, asetuta.

Zer deritzote Lertxundik eta beste taldekideek zure lanari?
Asko baloratzen dut hurbilekoen iritzia, eta esan didate gustatu zaiela. Benitori orain arte ez diot kontzertuetara etortzen utzi, baina diskoa entzun du, eta bere oiniritzia badut (barrez). Lagun batek esaten dit: "Ezin diozu Benitori betoa jarri, egunen batean ikusi beharko zaitu!". Eta bai, arrazoia du. Hurbileko jende askok gehiago sinistu du nigan neronek baino: betidanik egon dira batzuk ateratzera animatu nautenak, eta pozik daude baita.   

Zuzenekoetara eramateko ideiagaz egindako diskoa da 'Ur goiena, ur barrena'?
Bai, kantu horiek pentsatuak izan dira gero zuzenean emateko, beraz, grabatu ere ideia horrekin grabatu ditugu: gero zuzenean egin ahalko ez genuenik ez dugu diskoan sartu gura izan. Nire inflexio-gune bat islatzen du disko honek, orain arte eman ez dudan pausu baten inguruan datorrena: zuzenekoen inpronta horrekin datorrena.

Zeri egiten dio erreferentzia Ur goiena, ur barrena diskoaren izenburuak?
Diskoan dagoen kantu tradizional bakarrari lotuta dago izenburua, aspalditik eskuartean daukadan Izotzetan, elurretan izenburuko kantagaz. Erronda kantu bat da, Urdiainen jasotakoa: urteari ongi-etorria emateko etxez etxe joaten dira abesti hau kantatzen. Ura du ardatz, eta irudi oso iradokitzaileak dituelako, oso gogoko dut kanta hori.

Zeuk egindakoak dira diskoko letra gehienak. Gogoeta sakonak eta argi esandakoak daude kantuetan.
Bizitza bera, eta neure barne mundua, eta herria bera izan ditut ahotan. Batzuetan hizkuntza zuzenagaz, eta bestetan metaforak baliatuta, gure herriari buruz dihardut hainbat kantatan. Uste dut herri honek aspaldi hartu zuela "entregatzearen norabidea", amore ematearena. Oso urrun gaude nire ustez izan beharko genukeen posizionamendutik: Herri menderatu bezala, egotea tokatzen zaigun tokian behar genuke egon, eta ez, gauden bezala, menderatzailearen joko-arauetan guztiz murgilduta.  

Herri honen norabideari buruzko kezka agertzen duzu kanten bidez.
Kanta batean ezin duzu tesi bat edo panfleto bat egin, baina bai, gaiak ahalik eta zorrotzen tratatu. Zorionez ez naiz bakarra horrelako kontuez pentsatzen dabilena, gazte asko ere ohartzen da baditugula diskurtso ez-koherente asko gurean. "Euskal Herrian dugun gaitza zein den argi daukagu, ala ahaztu egin dugu zeharo?", da nire zalantza. Menderakuntza da gure arazo nazionalaren oinarria, eta arazoa dugula onartzen badugu, politika pedagogia bat behar dugu. Urte askoan basamortu bat izan dugu, eta hau bezalako analisiak egin duen jendeak ez du lidergo bat garatu.

Entzuleak bere burua zure kritikaren jo-puntuan ere ikus lezakela uste duzu?
Jakina, eta sentitzen dut horrela izatea. Baina zelanbait, mahaian ukabilkada bat emateko beharra ere baneukan: "Ni nazkatuta nago hemengo berbontzikeriagaz!", esatekoa. Esanguratsua da, oraindik ere protesta kantak egiten jarraitzen dugula euskaldunok. Orain, baina, kasu batzuetan geure herriari zuzentzen gatzaio: "Zer ari gara egiten?" galdetzeko beharra sentitzen dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!