Gabonak Durangaldean

Tabirakok izen-ematea hasi du Gabonetako kanpuserako

Anboto 2015ko aza. 26a, 15:10

Tabirako saskibaloi klubak Gabonetako Kanpusean parte hartu ahal izateko izen-ematea hasi du. 2000 eta 2009 urteen artekoentzat bideratuta dago. Plaza mugatuak dira eta abenduaren 11ra artekoa da apuntatzeko epea.

Kanpusa abenduaren 28an, 29an eta 30ean, eta, urtarrilaren 4ean eta 5ean egingo dute. Saioak goizetan izango dira: 09:00etatik 13:00etara.Kanpusa osoan parte hartu gura dutenentzako prezioa 60 euro da, baina gura duenak egunka ere hartu dezake.

Izen-ematea www.tabirako.com webgunean egin daiteke. Aurrez izena emateko modua ere badago campus@tabirako.eus helbidean.

Emakumeak garipenik garaipen

Emakumeen saskibaloia osasuntsu dago Tabirako Baqué klubean. Kantitatea eta kalitatea, bietatik sobera dute. Kantitateari dagokionez, urtero Tabirakon hasi gura duten neskatila denei tokia egiteko lanak izaten dituzte. Kalitatearen adibide moduan, nagusien eta juniorren taldeak aipatu daitezke. Nagusiak garaipenik garaipen dabiltza eta juniorrak partidurik galdu barik zegoen Aranurren borrero bihurtu ziren joan zen asteburuan.

Euskadiko Lehenengo Mailan lau talde berdinduta daude sei garaipen eta porrot batera, eta horien artean dago Tabirako Baqué. Azken bost garaipenak bata bestearen atzetik lortu dituzte. Taldearen bolada onaren erakusgarri da etxeko partiduetan Landako kiroldegiko harmailek izaten duten kolore zuri-urdina. Joan zen astean, behetik gora zetorren Gernika menderatu zuten etxean, zaleen babesarekin.

Gozatu ederra hartuko zuten juniorren partidua ikustera batu zirenek ere. Orain arteko zortzi partiduak irabazita zetorren Aranurrek amore eman zuen durangarren kontra (68-54). Bigarren eta hirugarren laurdenean lortutako  11-0 eta 7-0ko partzialek bideratu zuten garaipena. Hiru garaipen segidan daramatzate eta sailkapenean gora egin dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!