EH Bildu bai, PP ez

Anboto 2015ko aza. 11a, 10:19
Rosa Vadillo, Aitziber Irigoras alkatearen ondoan

EH Bilduk atzo Memoriaren Egunaren harira Durangon egindako ekitaldian parte hartu zuen. PPko Fran Garate zinegotzia, ostera, ez zen bertaratu; bere alderdiak ez du bat egin Jaurlaritzaren deialdiagaz, eta "koherentziagatik" ez zen joan.

Memoriaren Eguneko ekitaldia burutu zuten atzo Ezkurdin, eta udaleko alderdi guztietako kideak egon ziren bertan, PP izan ezik. Aitziber Irigoras alkateak ere parte hartu zuen. EH Bilduk ekitaldi partziala izan zela salatu zuen aurretik bidalitako prentsa oharrean; Durangon 2007tik burutzen den ekitaldi hori terrorismoaren biktimak omentzeko izan da, eta omenaldia ere biktima horiei eskainitako monolitoan egiten da. Atzo, Rosa Vadillok egin zuren lore eskaintza, ETAk Durangon hil zuen Epifanio Vidalen alargunak. ETAren lehenengo hilketa izan zen Durangon.

Edozelan ere, ekitaldira joan zen EH Bildu: "Zoritxarrez, arlo politikoan oraindik liskar partidista asko dago gatazkaren biktima guztiak gogoratzeko, aitortzeko eta kontuan hartzeko orduan. Aldiz, EH Bilduk ez du, inolaz ere, liskar hori hauspotu nahi". Gainera, gainontzeko biktimen errekonozimenduaren aldeko aldarrikapena egin du koalizioak. Aralarrek parte hartu zuen ekitaldi honetan 2013an, baina Sortuko kideek lehenengoz, atzo.

Ekitaldira agertu ez zena Fran Garate izan zen. Bere alderdiak ez zuen bat egin Eusko Jaurlaritzak biktima guztiak omentzeko luzatutako deialdi bateratuagaz, eta Gasteizko Legebiltzarreko ekitaldian ere ez zuten parte hartu. Erabaki horregaz "koherentzia" mantentzeagatik ez zela joan esan du Garatek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!