Durangoko EH Bilduk Memoriaren Eguneko oroimen ekitaldian parte hartuko du

Anboto 2015ko aza. 9a, 15:25

Durangoko EH Bilduk prentsa oharrean jakitera eman duenez, azaroaren 10ean Memoriaren Egunaren harira Ezkurdin egingo den oroimen ekitaldian parte hartuko dute. Aralarreko kideek ekitaldi horretan parte hartu zuten 2013an. Bilduko ordezkariek ostera, Ezkurdiko ekitaldian parte hartzen duten lehenengo aldia izango da. 20:00etan izango da ekitaldi hori.

 

EH Bilduk azaldu duenez, udalak Memoriaren Egunerako antolatutako ekitaldia "partziala" da, "Euskal Herriak bizi duen gatazkaren biktima guztien memoria eta oroitzapena kontuan izango ez dituena". Hala ere, ekitaldian parte hartuko dutela aurreratu dute: "Zoritxarrez, arlo politikoan oraindik liskar partidista asko dago gatazkaren biktima guztiak gogoratzeko, aitortzeko eta kontuan hartzeko orduan. Aldiz, EH Bilduk ez du, inolaz ere, liskar hori hauspotu nahi". Koalizioak gaineratu duenez, ekitaldira aldarrikapen batekin bertaratuko dira: "Biktima guzti-guztiak oroit eta aitor daitezela; gerra bitartean eta ostean desagertutako pertsonak, polizia-indarkeriaren biktimak, pertsona torturatu eta jazarriak, presoak nahiz mendekuan oinarritutako espetxe-politika pairatzen duten senitartekoak".

 

Prentsa oharrean EH Bilduk aurrera begira "ekitaldi partzial bat" errepikatu ez dadin lan egiteko "konpromisoa" hartu du. "2016 urteko Memoriaren Egunak Gerra Zibiletik gaur arte Euskal Herrian egon diren biktima guztiak oroitu beharko ditu, osagai politiko argi batekin". Gaineratu dutenez, "preso politikoek jasaten duten giza eskubideen urraketa eta honi gehitzen zaion dispertsio politika, gure eginkizun instituzionaleko lehentasuna izango dira".

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!