Durangoko Udala: "Italiako Aviazione Legionariari egindako omenaldiak salatzen ditugu"

DURANGOKO UDALA 2015ko aza. 6a, 14:31

Udaleko bozeramaileen batzordeak adierazpena onartu du azken egunetan Durango bonbardatu zuten italiar faxistei Espainian eginiko omenaldien harira.

Hauxe da onartutako adierazpena, osorik:

Falangeak eta Espainian borrokatu zuten Italiar Gudularien Elkarte Nazionalak bando frankistan borrokatu zuten militar faxistei egindako omenaldiak direla-eta, Durangoko Udaleko bozeramaileen batzordeak aho batez hauxe adierazten du:
1. Erabat gaitzesten ditugu militar frankistei eta 1936ko gerran euren aliatu izan zirenei egindako omenaldiak.
2. Izaera faxista zein nazista duten erregimen totalitario guztien gorespena gaitzesten dugu, euren ikur eta ekintzak barne, eta, bereziki, gerra zibilean eta diktadura frankistako hurrengo 40 urteetan egindako ekintza faxistak balioestea gaitzesten dugu.
3. 1937ko martxoaren 31n eta hurrengo egunetan gure Uriak jasandako bonbardaketa ankerrak pairatu zituztenen oinordeko legitimoak garenez, Italiako Aviazione Legionariari egindako omenaldiak salatzen ditugu, 300 hildako baino gehiago eragin zituztelako, hainbat eta hainbat zauritu eta Uriko eraikin asko eraitsi izanaren erantzule direlako.
4. Espainiako Gobernuari eskatzen diogu bere eskumenak baliatu ditzala omenaldi horiek ikertzeko eta, hala badagokio, dagozkion neurriak hartu ditzala erantzukizuna duten pertsonen aurka.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!