Guztira 62 etxe daude adjudikatu barik Durangon

Anboto 2015ko aza. 6a, 09:00

San Roken 42 etxe daude hutsik, Jaurlaritzak emandako iraileko datuen arabera.

Babeseko etxeak tokatzea loteriaren moduan ospatzen ziren sasoiak historia dira. Joan dira etxeen zozketak ikusminez jarraitzen ziren egunak. Etxebizitza merkatuaren loraldian, instituzioek babeseko etxeak eraikitzeko apustua egin zuten, eta, kasu batzuetan, ez zaie ondo atera. Krisiaren ondorioak dira. Hori gertatu da, adibidez, Durangoko San Roke eta Faustegoienako promozioetan.


Jaurlaritzak bultzatutako San Rokeko etxeetan, 144tik 42k adjudikatu barik jarraitzen dute, eta, horregatik, Lakuako gobernuak esan du Durango dela babeseko etxe huts gehien duen EAEko bigarren herria, Gasteizen atzetik –Arabako hiriburuan 74 etxe daude eman barik, baina 1.351 egin ziren–. Baina, udalak sustatutako Faustegoienako etxeak kontuan hartuta, kopurua handitu egiten da; beste 20 etxe daude jabe zain. Guztira, 62 etxe daude adjudikatu barik, Durangon. EH Bilduk zabaldu ditu datuak, eta bere ustez, “Durangon garatutako etxebizitza politika negargarria erakusten dute”.

Alokairua, gero erosteko
Eusko Jaurlaritzaren menpeko Visesa erakundeak sustatu zituen San Rokeko etxeak. 298 lagunek uko egin zioten etxeari, askok maileguak lortu ezinik, eta orain, zuzeneko salmentagaz dabiltza. Bertako arduradunek adierazi dute, hutsik dauden etxeak eskriturak egin barik egon arren, “gehienak tramitatzen” daudela. Edozelan ere, eta etxeak 2012an eraikitzen hasi zirela ikusita, laster alokairuan ematen hasteko asmoa agertu dute. Baliteke urtarrilean bertan izatea. Hori bai, alokairua erosketa aukeragaz izango da, eta Visesakoek onartu dute azken helburua etxea saltzea dela.

EH Bilduk bestelako proposamen bat aurkeztu du: udalak hartzea bere gain etxe huts horien gestioa, eta alokairuan ematea.

118tik, 42ra
Faustegoienan 118 etxebizitza egitea aurreikusi zuen udalak, baina eskatzaile faltaren aurrean, 70 etxegaz hastea erabaki zuen lehenik. Gero, kopurua 42 etxetara murriztu zen. Izan ere, 111 uko egon ziren. Kooperatiba erregimenean eraikiko dituzte etxeak, eta, momentuz, 22 bakarrik daude hartuta. Udalak 7 hartu behar izan zituen bere gain proiektua aurrera ateratzeko, eta beste 13 jaberik barik daude.

Alokairu programa
Durangoko Udalak herriko etxe huts pribatuak alokairuan ipintzeko programa bat ipini zuen martxan duela hilabete, eta, momentuz, ez du ekimenaren inguruko baloraziorik egin. Udaleko alderdiek programa horri ekarpenak egiteko aukera edukitzea eskatu du EH Bilduk.

Egoera berrira egokitzen dabiltza instituzioak, etorkizunerako formulak topatu guran. Argi dago, babeseko etxeen loteriak ez duela eduki espero izandako saria.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!