Nundik datorkizu igeri egiteko zaletasun hori?
Txikitatik izan dugu ohitura igerilekura joateko, amagaz, gero albo batera utzi arren. Hala ere, 2001ean, istripua izan nuen, eta, osasun arrazoiengatik, berriro hasi nintzen joaten. Gustua hartuta entrenatzen hasi nintzen, eta orain 8-9 urte, zeharbideak egiten.
Fuerteventura-Lanzarote ez duzu lehenengo zeharbidea.
Ez. Orain hasi dira ezagunago egiten, baina, Euskal Herrian hainbat zeharbide egiten dira —Getaria-Zarautz tartean— eta horretan nabil urteotan. Orain lau urte, Tabira igeriketa taldean hasi nintzen, eta igerilekuan zein itsasoan hainbat lehiaketatan ibiltzen gara.
Igerilekuan edo itsasoan, aldea egongo da...
Itzela! Proba laburrak dira igerilekuan egiten direnak (1,5 km). Itsasoan, laburrena sei kilometrokoa izan daiteke; Euskal Herrian, hiru kilometro ingurukoak dira gehienak. Euskal Herriko kosta guztia egin guran ari gara orain.
Ze egitasmo da hori?
Bixigu taldea sortu genuen hiru lagunek, orain hiru urte, eta, etapaka, Euskal Herriko kostaldeko zeharbidea egiten hasi ginen. Donostiara heltzea falta zaigu. Piraguan datozen laguntzaileak ere baditugu. Zeharbide luzeetan (11-12 km), laguntza behar izaten da, segurtasunagatik eta itsasontziek ikusi gaitzaten ere bai; gainera, jan eta edan egin behar izaten da horrelakoetan. Laburragoetan (6-7 km), gure kabuz ibiltzen gara, buiekin. Iparraldeko kostaldea egin gura dugu gero.
Kostaldea ez dugu urrun, baina, gertu ere ez...
Igerilekuetan sortzen da zaletasuna, eta, behin entrenatzen hasita, erronka bat behar duzu. Lagunartean eta naturagaz kontaktuan jarduten gara, eta gustura. Mendi lasterketetan ere gero eta jende gehiago dabil, Behobia-Donostia hurreratu ahala, gero eta gehiago ikusten dituzu korrika... Baliteke 40 urteko krisialdiak eragina izatea (barrez).
La Bocaina zeharbidea, kontrako noranzkoan egin duzu...
Eguraldi txarragatik bertan behera geratu zen, baina, beste batek eta biok zeharbidea kontrako noranzkoan egitea erabaki genuen. Zodiac-a hartu genuen, laguntzeko.
Nola joan zen?
Ferryak eta korronteak zirela eta, kosta egin zitzaigun azken kilometro biak egitea. Olatu altuak sortu ziren eta, azkenean, 17,5 kilometro egin genituen. Bete genuen erronka.
Egin duzu horren zeharbide luzerik beste inoiz?
Euskal Herriko kostaldean zehar tokatu zaigu, inoiz, 11-12 kilometro egitea. Hala ere, inguru honetan, ez dago horren luzerik. Itsasoa zakarragoa ere bada. Hala ere, ez gara txoriburuak, eta itsasoaren egoera, haizea, korronteak... aztertzen ditugu. Izan daiteke ere itsasoa bare-bare egotea eta bapatean aldatzea, korronteak sortzea...
Erresistentzia proba gogorra...
Dana legez, entrenatuz gero... Hala ere, erreza ez zen izan, 6,5 ordu egon ginen uger egiten.
Itsasoaren egoerak horrenbesteko eragina al du?
Itsasoa oso aldakorra da. Eta norbera ere ez dago beti berdin. Baina gu nahiko dieselak gara, antzera batean ibiltzen gara beti (barrez).
Itsasoari aurre egitea lan sindikala baino samurragoa izango da..
Gu ere “korronteen kontra” gabiltza askotan. Uger egitea terapia lez erabiltzen dut nik, deskarga lez. Bata lana edo ardura da; bestea, plazerra.