Durangaldeko abeslari eta biolontxelistek zabalduko dute Musika Hamabostaldia

Anboto 2015ko urr. 28a, 14:00

Alfredo Sanz musika eskolaren zuzendariak eta Aitziber Irigoras Durangoko alkateak aurkeztu dute musika zikloa.

Urriaren 31n, 20:00etan, San Frantzisko elizan, izango da Durangoko XXVI. Musika Hamabostaldiaren lehenengo hitzordua. Alfredo Sanz musika eskolaren zuzendariak eta Aitziber Irigoras Durangoko alkateak aurkeztu dute, gaur, lau kontzertuko musika ziklo hori.

Bartolome Ertzilla musika eskolako 4KOTE abeslarien eta Gehi Zazpi biolontxelo taldearen Boleroak ikuskizuna izango da, zapatuan, San Frantzisko elizan, entzungai. Musika eskolan bertan hazitako proiektuak zabalduko du, beraz, Durangoko Udalak eta Bartolome Ertzillak antolatu duten ziklo musikala.

Musika klasikoa bere zabaltasunean gozatzeko, beste hiru kontzertu ere eskainiko ditu Durangaldeko Musika Hamabostaldiak.

Azaroaren 7an, San Agustin kulturgunean ariko da Aupa Quartet Bartzelonako hari laukotea. Inprobisaziotik, jazz, funk, son kubatar eta flamenko ukituko kantak sortzen ditu talde horrek.

Azaroaren 14an, Donostiako Orfeoi Gaztearen ahotsak izango dira protagonistak. Andra Marian, 20:00etan, izango da emanaldia. 45 neska-mutilek osaturiko abesbatza mistoa da hori, 2006an sortu zuten, Orfeoi Txikitik zetozen abeslariei Orfeoira ailegatu baino lehen, aukera bat eskaintzeko.

Pablo Naveran pianista bilbotarraren eta Alexander Kandelaki txelista georgiarraren eta emanaldiak itxiko du aurtengo Durangoko Musika Hamabostaldia. Azaroaren 28an, 20:00etan, San Agustien izango da laugarren emanaldi hori.

Doakoak izango dira biharko eta azaroaren 14ko emanaldiak, eta 8 euroko sarrera edukiko dute azaroaren 7ko eta 28ko beste emanaldi biek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!