Aurreikuspen denak gainditu ditu Durangoko Gau Krosaren lehen aldiak

Anboto 2015ko urr. 27a, 09:26

Gizonen podiuma

Azken asteko eskari-oldeari erantzunez , gehienez 200 lagunera mugatuta zuten parte hartzea zabaldu eta ia 300 korrikalarik lehiatu zuten.

Nekatuta bezain pozik. Horrela zeuden Durangaldea Running taldeko antolatzaileak zapatuan, Durangoko Gau Krosa amaitu ostean. 250 bat gaztetxok parte hartu zuten 16 urtetik beherakoen lasterketan eta ia 300era heldu zen kopurua nagusien mailan: “Gure aurreikuspenik onenak gainditu ditu. Parte-hartzea izugarria izan da eta giro oso ona egon da. Lan handia eskatu du eta une batzuetan apur bat gaindituta ere sentitu gara, baina aurrera egin dugu eta oso pozik gaude”, azaldu du Dabid Garcia antolatzaileetako batek.

Gizonetan Kike Sebastiánek (Alegria-Dulantzi) irabazi zuen eta Ekaitz Kortazar durangarrak eta Aitor Mimenza elorriarrak osatu zuten podiuma. Azken biek Durangoko Udazken Koloretan mendi lasterketan ere parte hartu zuten hurrengo egunean.

Emakumeetan Iraia Garcia zornotzarra izan zen onena Belit Solar barakaldoztarraren eta Irene Loizate durangarraren aurretik.

Gizonen lasterketak ezusteko amaiera izan zuen. Azken itzulian eta Goienkalen gora, korrikalarien gidari zihoan bizikletariari katea irten zitzaion eta zuzenean sartu zen Santa Ana plazara Herriko eta eliza atzetik buelta eman beharrean. Ondorioz, bidean zeuden zaleak alde batera mugitu ziren eta aurreneko bost-hamar sailkatuek, konturatu barik, bizikletari jarraitu zioten okerreko bidea hartuta. Antolatzaileak korrikalari horiekin batzartu eta erabaki adostu hau hartu zuten: sailkapenei eustea eta aurreneko bostei sari berdinak banatzea.

Orain balorazioa egiteko sasoia da, baina printzipioz datorren urtean gaueko krosa errepikatzeko asmoa dute. Lehenengo aldia zen heinean, hobetu beharreko alderdiak ere aztertuko dituzte: esaterako, zirkuitua laburra zenez onenek etengabe aurkitzen zituzten parean itzulia kendutakoak. “Beharbada zirkuitu handiago bat diseinatzea eta hiru itzuli beharrean bi egitea izan daiteke irtenbidea”.

Garcia eta Marañon, helmugara elkarrekin Sodupen

Hurrengo egunean Sodupeko mendi lasterketan parte hartu zuten Durangaldea Runnig-eko Dabid Garcia eta Txomin Marañonek. Durangoko Udazken Koloretan mendi lasterketa exigenterako nekatuegi zeuden, baina Sodupeko 10 kilometroak egingarri iruditu zitzaizkien. Bigarren kilometroan ihes egin zuten biek eta “aurreko eguneko jipoiaren ostean elkarrekin sartzea erabaki genuen”, gogoratu du Garciak: “Guretzako aste nekagarria izan da eta asteburua holan amaitzea pozgarria izan zen”. Garcia 19 urteko Marañonen entrenatzailea da. Irakaslea eta ikaslea, oraina eta etorkizuna elkarrekin helmugaratu ziren.

Iraia Garcia emakumeetan irabazle:

 

Dabid Garcia eta Txomin Marañon Sodupeko helmugan:

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!