Koldo Alzibar, Jesus Astigarraga, Maria Concepcion Astola, Maria Rosario Astola, Jose Luis Lizundia, Carmen Miranda, Maria Arrate Salazar eta Leopoldo Zugazaren lana eskertu gura du 50. Durangoko Azokak. "Eurak izan baitziren Gerediagako eta Azokako lehenengo hazia landatu zutenak". Abenduaren 5ean, San Agustin kulturgunean, Durangaldeko Karrika Atzerki Taldeak diseinaturiko ekitaldian, jasoko dute aipaturiko kulturgileek Argizaiola Saria.
Aurten Durangoko Azokaren aitzatezpena jasoko duten norbanako horien izenak aurretzeaz gainera, abendura begira, beste hainbat albiste aurreratu dituzte, gaur, Gerediaga Elkarekoek.
50. urteurrena ospatzeko, Jesus Mari Arruabarrenak eta Joseba Sarrionandiak, Azokaren historiaren errepasoa egiten duen liburua kaleratuko dutela, esaterako. Arruabarrenak testigantzak bildu ditu, eta kontakizun pertsonala egin du Iurretako idazleak, "distantziak ematen dion perspektibarekin eta ia azoka guztietan izan duenaren gertutasunetik".
Durangoko Azoka, "DA!"
Nerea Mujika Gerediaga Elkartearen presidenteak aurkeztu du, bestalde, Durangoko Azokak aurrerantzean baliatuko duen irudi marka berria. Azokaren siglekin osaturikoa da marka berri hori: "DA!". Iraganari ezezik, etorkizunari ere erreferentzia egin dio Gerediagako presidenteak gaurko aurkezpenean, 2.065. urtera begira jarri da: "Datozen 50 urteetako historia idatziko dugu, eta datozen urteetako erronkei erantzuteko, Azokaren sortzaileen kemena beharko dugu".
Zumetaren kartela
Txelu Angoitia eta Nerea Mujika Gerediagako kideek erakutsi dute, bestalde, 50. Durangoko Azoka iragarri duen kartela. Jose Luis Zumeta usulbildarrak egindakoa da. Margolaria ez da aurkezpenean, baina bere izenean adierazi dute, "jendea erakartzeko helburuagaz" egin duela, eta "irekia" dagoela ikusle bakoitzaren interpretazioa. Ez da ez liburu ez diskorik ageri kartelean.
Egun bat gehiago izango du Duragoko Azokak, aurten. Azken urteetan legez, Landako Gune nagusiagaz batera, euskalgintzako eta kulturgintzako eragileek kudeaturiko guneak (Areto Nagusia, Szenatokia, Irudienea, Kabi@, Ahotsenea, Saguganbara, Plateruena eta Azoka TB) proposamenez beteak izango dira.
Gune horien ordezkariak, eta babesle publiko zein pribatuak bildu dituzte gaurko aurkezpenean. Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak, Ana de Castro Bizkaiko Aldundiko Euskara Zuzendariak, eta Aitziber Irigoras Durangoko alkateak berba hartu dute, Gerediaga Elkarte, Azokaren antolatzailea, zoriondu eta eskertzeko.
Gaur aurreratu dutenez, azaro erdialdean egingo duten prentsaurrekoan emango dute 50. Durangoko Azokaren inguruko nobedade gehiago.