Ehundaka argi txiki, Durangoko gau krosari distira emateko

Anboto 2015eko urriaren 21a

Durangaldea Running-eko Jon Saiz -eskuman- eta Dabid Garcia atzo Santa Anako arkuan zapatuko kroserako argiztapena probatzen.

Durangalde Runnning taldeak Durangoko Gau Krosaren lehenengo aldia antolatuko du zapatu iluntzean. Lehia ikuskizun bihurtzen saiatuko dira eta horretan zerikusi handia izango du argiztapenak.


Santa Anako arkupean hasiko dira lasterketak; 19:30ean, 16 urtetik beherakoenak eta, 20:00etan, nagusienak. Helmuga ere bertan egongo da. Beraz, arkua eta bere ingurua modu berezian argiztatzen saiatuko dira, argi laserrak barne. Beste hainbeste egiten saiatuko dira Ezkurdi parkean, ibilbidea handik zehar diseinatu dutelako. Musikagaz eta ke makinekin osatuko dute ikuskizuna.

Parte hartzaileek —200 gehienez— argidun pultserak eramango dituzte eta argiztapen bereziaren parte izango dira. Azken batean, “gauez lehiatzeak duen xarman berezia zerbait berezia eta diferentea eskaintzeko” baliatu gura dutela dio Dabid Garcia antolatzaileetako batek: “Lehia soil bat baino jai giroa sortuko duen proba bat izatea gura dugu”.

Euskal Herrian gaueko hainbat lasterketa daude eta Garciak horietako hainbat irabazi ditu. Giro aldetik eta diferentea izaten dela dio: “Eguerdietan jendea begira egoten da eta animatzea kosta egiten zaio. Iluntzeetan, poteo orduan, jendeak gehiago animatzen du eta igartzen da aldea”. Durangon ere igarriko da. Orain urte bi  antzerako ezaugarriak zituen proba antolatu zuten. Biharkoa baino xumeagoa izan zen, baina potentziala bazuela ikusteko balio izan zien.

Durangaldean  jende asko dabil korrika, badago zaletasuna, eta horien bilgune bihurtu gura du biharko probak. Horregatik, ibilbidea ez da exigentea. Bost kilometro ditu eta parte hartzea errazteko asmoagaz diseinatuta dago. Santa Anatik abiatuta, Artekale, San Agustinalde, Ezkurdi eta Goienkale zeharkatuko dituzte eta Santa Ana elizaren eta Pinondo parkearen atzetik bueltatuko dira. Zirkuitu horri hiru itzuli emango dizkiote nagusiek. 16 urtetik beherakoak Alde Zaharretik ibiliko dira.

Probako irabazleek txapela eta garaikurra jasoko dute. Gizonetan zein emakumeetan aurreneko bost sailkatuentzat egongo dira sariak. Parte hartzaile denen artean 'instant relax' asteburu pasa bat zozketatuko dute.

Izen-ematea bariku gauera arte egin daiteke kirolprobak.com atarian, 10 euro ordainduta. Zapatuan bertan Santa Anan ere eman daiteke izena. Egunean bertan, 15 eurokoa izango da 16 urtetik gorakoentzat eta doakoa handik beherakoentzat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!