Tabirakok 5-8 urte artekoen saskibaloi eskola abiatu du

Anboto 2015ko urr. 18a, 10:00

Tabirako saskibaloi klubak 5-8 urte artekoei zuzendutako Tabi Eskola abiatu du, lehenengoz. Eskualdeko ikastetxeetako 19 gaztegaz hasi dute ibilbidea. Talde bitan banatuta, martitzenetan (17:15etik 18:15era) edo eguaztenean (17:00etatik 18:00etara) batzen dira, Jesuitetan.


Ikastetxeetan, 9 urtegaz hasten dira saskibaloian jokatzen. Ordura arte, kirol anitzeko jardunaldiak egiten dituzte. Eskola berriagaz, Tabirakok saskibaloia umetatik probatzeko aukera eskaintzen du. Udan antolatzen dituzten jardunaldiei jarraipen egonkorra emateko modua izango da: “Udako eskola amaitzean, denboraldian zehar ez genuen antzerako beste ezer eskaintzen, eta urte osoan mantenduko zen zerbait abiatu gura genuen”, adierazi du Ina Mendibe Tabirakoko presidenteak.

Eskolaren helburuetako bat ahalik eta mutikorik gehien erakartzea da. Izan ere, mutiletan gabezia dute. “Kosta egiten zaigu gaztetxo mailako taldeak sortzea”, dio Mendibek. Nesketan, aldiz, kontrakoa gertatzen zaie: “Neskatorik gehienek saskibaloia aukeratzen dute. Sarritan, ‘overbooking’-a izaten dugu. Eskola kirola eta kirol federatua batera hartuta, nesketan kadeteetako sei talde ditugu, eta mutiletan bi bakarrik”. Horrexegatik, mutilak eurenganatzen saiatuko dira.

Izen-ematea, urte osoan
Izen-ematea urte osoan irekita egongo da, 2007 eta 2010 urteen artean jaiotako neska-mutikoentzat. Honako e-mailaren bitartez egin daiteke: tabi_eskola@tabirako.eus. Hileko prezioa 18 euro da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!