Ezkurdi pilotalekuan errotutako familia dela ikusi ahal izan da jaialdian zehar; Iñaki zuriz jantzita, Gotzon garaikurren mahaia kantxara ateratzen laguntzen, eta Pedro Mari tabernan, beharrean. Lanak amaitu ostean hasi dira kazetariaren sakeei errestoa ematen.
Iñaki, pena izan da San Fausto txapelketako finala galtzea, ezta?
Iñaki: Durangon jokatuta, jaietan, lagunak etorri dira, andrea-eta ere etorri dira Berriatutik. Pena izan da, bai. Azkenean, ezin izan da; galdu egin dugu, eta ez diogu beste bueltarik emango ez daukanari.
Edozelan ere, Ezkurdin jokatzea berezia izango da zuretzat, ezta?
Iñaki: Bai. Orain dela zortzi urtetik, ez dut jokatu partidu ofizialik hemen. Finalerdia urduri jokatu nuen, osorik, eta gaur [martitzenagatik], lasaiago jokatu arren, galdu egin dut. Zailagoa ere izan da, baina...
Pedro Mari, zu al zara familiako lehen puntista?
Pedro Mari: Nire aurretik lehengusu batek jokatu zuen. Bera ikusita hasi nintzen jokatzen, bere zesta bategaz. 16 urtegaz Kanariar Irletara joan nintzen jokatzen; hemengo asko egon ziren sasoi hartan, Las Palmasen. Handik etorri, eta Durangon, Bilbon eta Zaragozan (Aragoi, Espainia) jokatu nuen. Gero, Amerikara joan nintzen.
Zenbat denbora egin zenuen han, AEBetan?
Pedro Mari: 19 urtegaz joan nintzen, eta 38gaz bueltatu. Gotzon Hartforden jaio zen, iparraldean, eta Iñaki, Miamin.
Gotzon, txikitatik izan zara puntista, ezta?
Gotzon: Txiki-txikitatik ibili izan ginen frontoian. 5 urtegaz Euskal Herrira etorri, eta laster hasi nintzen zestan jokatzen. 30 bat urte eman ditut jokatzen; profesionaletan debutatzeko aukera eduki, eta Orlandora joan nintzen. Gero, berriro hemen ibili nintzen, eta profesional izateari orain bost bat urte utzi nion. Geroztik, afizionatu moduan ibili naiz, eta aurtengo Gabonetan utzi nuen. Sarritan pentsatu dut uztea, baina “pikatu” eta bueltatu izan naiz. Gazteentzako lekua ere utzi behar da! [barrez].
Iñaki, 7 urtegaz hasi zinen zestan, baina gaztetan utzi egin zenuen...
Iñaki: Saskibaloiagaz bateratzen nuen, baina 15 urtegaz utzi egin nuen. Estatu osoko jokalariak prestatzeko talde bat sortu zen Getxon, eta handik EBA Ligako talde batera joan nintzen, Santanderrera (Kantabria, Espainia). Urte bat egin, eta Tabirakora bueltatu nintzen. 2005ean berriro ekin nion zestari, eta 2008an Amerikara joatea proposatu zidaten. Han debutatu nuen profesional moduan, eta gaur arte.
Zerk bultzatu zintuen AEBetara joateko erabakia hartzera?
Iñaki: Hemen lanean nengoen, baina krisi famatu hori sartu zen, eta behintzat, urtebeterako proba egitea erabaki genuen. Umeak ere han jaio dira, eta esperientzia nahiko ona izan da. Hemen gusturago nengoke, baina ez daukat hango bizimodua. Laster berriro joango gara, baina ez da epe luzerako izango.
Ezkurdin hezi zarete puntista moduan. Zer da zuentzat frontoi hau?
Iñaki: Zerbait berezia da niretzat, etxean bezala sentitzen naiz. Gainera, kanpoan egonda, hona etortzen naizenean, horixe sentitzen dut beti.
Gotzon: Ezkurdin hazi ginen, eta hemen egin dugu bizitza osoa. Gainera, gaztetatik etortzen ginen afizionatuetako partidu guztiak ikustera, eta profesionaletakoak zeudenean ere bai, eguazten eta zapatu gauetan. Markagailuan egoten ginen, epaile lana egiten... Bizitza hemen egin dugu.
Gainera, aitak eduki du zesta klubaren ardura, eta tabernan ere bera egoten da...
Pedro Mari: Dagoeneko, hogei bat urte edo izango dira hemen nagoenetik. Klubean hasi eta horregatik hartu nuen taberna. Oraindik ere neuk eramaten dut kluba. Nagusiak bospasei dabiltza, eta 8-9 urtekoak hasiko dira aste honetan.
Ezkurdi pilotaleku garrantzitsua izan da zesta munduan, baina orain ez da hainbeste festibal egiten. Pena sentitzen duzue?
Pedro Mari: Aspaldian ez dute partidurik ipini. San Fausto egunez jendea etorri da, baina, bestela, jendea ez da etortzen pilotalekura.
Gotzon: Kontua da ez dela kirol huts bat galtzen ari garena, gure kulturaren zatitxo bat baizik. Beti entzun izan dut gure aitaren sasoian jendea zutunik egoten zela, KAS kaxen gainean! Baina nik ez dut hori ezagutu. Pilotalekuak beteta ikusi ditut, baina hutsik ere bai. Eta hori ez da batere polita. Zeinek daukan errua? Bada, denok apur bat, seguruenik. Instituzioek-eta zerbait egin behar dutela? Bai, baina denok ipini behar dugu zerbait. Propaganda ona eginez gero, ikusi da zelako giro polita egon den herriko jaietan.