Silboberrik hiru obra estreinatuko ditu, zapatuan, Donostian

Anboto 2015ko urr. 15a, 09:41

Donostiako San Telmo Museoan egiten duten Musikagileak zikloaren barruan ariko dira Durangoko Silboberri txistu taldeko kideak, zapatuan, 20:00etan hasiko den kontzertuan. Aitor Amilibia txistulariak, Jose Antonio Hontoria akordeoilariak eta Elur Arrieta perkusionistak eskainiko dute txisturako hiru konposizio berriren estreinaldi hori.


Luis de Pablo musikagile bilbotarraren txistu eta danbolinerako Divertimento obra estreinatuko dute, batetik. Afganistango melodia bat oinarri duen sorkuntza da De Pablorena, txisturako sortu duen lehen lana.  Carlos Villasolek txistuagaz eta akordeoiagaz jotzeko sortu duen Pequeñas moscas de mis soles negros izeneko pieza ere estreinatuko dute, bestalde. Hirugarren estreinaldia, Eziñeruntz izeneko obrarena izango da. Felix Ibarrondok txisturako sortu duen lehen konposizioa da. Hau ere, txistuagaz eta akordeoiagaz jotzeko pentsaturikoa.

Txisturako konposizio berriak bultzatzea da Silboberri elkartearen helburu nagusia, eta lan horren erakusle izango da, bihar, Donostian eskainiko duten kontzertua. Txistua bezalako antzinako instrumentu baten sonoritatea noraino zabaldu dezaketen erakutsiko dute kontzertuan, musikari birtuosoek. “Entzulea harritu” gura dute.

Hiru estreinaldi horiez gainera, beste lau obragaz osatuko du Silboberrik Donostiako kontzertua. Tomas Aragües, Gabriel Erkoreka, Felix Ibarrondo, eta David Cantalejorenak dira.

Urriaren 24an, bestalde, Duragoko San Fausto jaietako ohiko kontzertua emango du Silboberrik. Landakogunean ariko dira txistulariak, 20:00etan hasita, Ganbara abesbatzak, eta Olatz eta L’Atelier taldeetako dantzariek lagunduta. Jabier Ituarte jardungo da emanaldiaren zuzendari lanetan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!