50. Durangoko Azoka

Durangoko Azoka lan boluntarioagaz barrutik ezagutzeko aukera eskainiko dute, lehenengoz

Anboto 2015ko urr. 14a, 09:00

Abenduaren 4tik 8ra Durangon egingo den Azokan boluntario moduan jarduteko eskaintza luzatu dute, aurten, lehenengoz.

Lan administratiboa burutzen —liburu eta diskoen sailkapenak egiten, adibidez—, arlo teknikoan beharrean —aparkalekua zaintzen, esaterako— zein komunikazio arloan jardun ahalko dira, urriaren 31 baino lehen izena ematen duten boluntarioak.

Durangoko Azokak 50. urteurrena ospatuko du aurten, eta “Azoka barru-barrutik ezagutzeko” aukera bezala eskaini dute boluntariotza. Hiruzpalau orduko txandetan, ekitaldiak barrutik bizitzeko aukera izango dute boluntarioek, eta antolakuntza taldeko kide izango dira: euskal kulturgintzako sortzaile eta eragileekin harremana izan ahalko dute.

Azokaren webgunearen bitartez eman daiteke izena, bertan eskegi duten galdetegia beteta. Izena emateko, euskaraz komunikatzeko gai izatea eta 18 urtetik gorakoa izatea dira baldintzak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!