“Konortea galdu arte mozkortu” esan gura duen "zapoi" errusierazko berba hautatu du Durangoko Karrika Antzerki Taldeak, sortu duen azken antzezlanaren izenburutzat. Hamabi atalek osatzen dute Zapoi antzezlana, eta hamabi aktore daude uneoro eszenan.
Ahotsa lantzeko ikastaro bat egin ostean, musikal bat egiteko asmoagaz hasi zen Karrika, iazko ikasturte hasieran. Azkenean, kale antzezlan bat egingo dute; musikaren, erritmoaren, ahotsaren eta berbaren lanketa berezia daukana, eta kantuari ere lekua egingo diona.
Fikziozko antzerki konpainia bat sortu dute antzezlan honetarako. Munduaren eta kulturaren ikuskera hegemonikoagaz, merkantilistagaz, bat ez datorrena, eta krisi ekonomikoaren aitzakian, egoitza daukan antzokitik bota gura dutena.
Ez dute, baina, antzerki konpainia erraz kaleratzerik lortuko: kanporatzearen kontrako erresistentzia agertuko dute konpainiako kideek, matxinatu egingo dira, eta barrikada bat osatuko dute antzokian.
Emozioak dira antzerkiari eta kulturaren egoerari buruzko antzezlan honen ardatza, eta alde emozional horren adierazle aproposa delakoan, Euripidesen Medea klasikoaren testu zati batzuk sartu dituzte gidoian.
Jose Martin Urrutia Txotxe zuzendariaren berbetan, “besteak beste, Karrikak emakume gorputza daukalako, genero ikuspegi landua du Zapoi obrak. Gaurko kultur munduan gailentzen den ikuspegiari kontrajarrita dago konpainia honen mundu ulerkera.
Pertsonaia esperpentikoak
Karrikak sortu duen antzerki konpainia honetako kide guztiek dute izaera edo itxura berezia. “Esperpentikoak” dira: “Denek dute tararen bat, fisikoa ez bada, adimenekoa”.
Kultur munduaren egoeraz gogoeta egiten du Karrikak, antzezlan honetan. Txotxe zuzendariaren berbetan, “dagoeneko ia ez da existitzen gure antzezlanean agertzen dena bezalako konpainiarik: ekoizpen kultural zehatzak muntatzen dira, eta saldu, baina ezegonkortasun itzela dago lanbidean”.
Durangoko San Fausto jaien egitarauaren barruko emanaldi hau prestatu, eta obra urrian estreinatzea nahikoa erronka izan dutela aitortu dute Karrika Antzerki taldeko kideek; eta aurrerantzean, obrak zer ibilbide egin dezakeen ez dakitela. Diotenez, aukera ailegatzen denean pentsatuko dute kale antzezlana antzokietan eskaintzeko moldatuko dutenentz, eta nola