Urrejolak eta Iturraspek San Fausto zesta txapelketako finalerdiak jokatuko dituzte

Anboto 2015eko urriaren 5a

Partidu gogor batean, Durangoko bikoteak 30-28 irabazi dio Biarritzekoari. 

Durangoko zesta taldea ordezkatzen duten Egoitz Urrejola eta Igor Iturraspe txapelketa handia osatzen ari dira. Atzo San Fausto txapelketako finalerdietara sailkatzea lortu zuten Biarritzeko Narbarte eta Bussinelo 30-28 menderatuta. Partidu orekatua aurreikusten zutenek bete-betean asmatu zuten eta emozio handiko final laurdenagaz gozatzeko aukera izan zuten Ezkurdi Jai Alai pilotalekura batu ziren zaleek.

Atzo Donibane Lohizuneko Tamborendeguy eta Laborde ere hurrengo kanporaketarako sailkatu ziren Gasteizko Landa eta Ecky-ri irabazita: 30-18.

Zapatuan erabaki ziren gainerako bikote biak. Berriatuko Aimar eta Lekuek 30-16 irabazi zuten Bidarteko Lallo eta Basqueren kontra eta Hossegorreko Lesbats eta Etcheberryk Markinako Urriola eta Salegi kanporatu zituzten: 30-17.

Finalerdiak datorren zapatuan, 18:00etan, jokatuko dituzte Durangoko Ezkurdi Jai Alai pilotalekuan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!