Patinatzailea korrikalariaren kontra 100 metrotan: Nork irabaziko du?

Anboto 2015eko urriaren 1a

Orkazt Beitia korrikalaria ezkerrean eta David Gutierrez patinatzailea eskuman.

Larunbatean Durangoko Ezkurdin egingo duten Atletismo Egunean desafio kurioso bat izango da: patinatzailea korrikalariaren aurka.

San Fausto jaien harira, Durango Kirol Taldeak Atletismo Eguna antolatuko du larunbatean, 18:00etatik aurrera. Urtero erakustaldi bereziak eskaintzen saiatzen dira herritarren harreta erakartzeko. Orain urte bi korrikalariak txirrindularien aurka lehian jarri zituzten 60 eta 90 metrotan.

Aurten beste desafio bitxi bat antolatuko dute: patinatzailea, korrikalariaren kontra, 100 metrotan. Nork irabaziko du? Patinen gainean David Gutierrez ibiliko da; nazioarteko patinatzailea da Kubako selekzioagaz. Orkatz Beitia (1979, Ondarroa)  izango du aurkari. 100 metroak bere espezialitatea dira eta distantzia horretan lorpen garrantzitsuak ditu bere ibilbidean; esaterako, 2006an, Europako Atletismo txapelketako finalerdietara heldu zen. Aurten, berriz, beteranoen munduko atletismo txapelketak jokatu dira Lyonen. Orkatz Beitiak, bere mailan, 100 metroko munduko tituloa irabazi du.

Emakumeetan ere desafio mota berdina egingo dute: David Gutierrezek eta Orkatz Beitiak entrenatzen dituzten patinatzaile eta korrikala bana distantzia berean lehiatuko dira. 

Beste hainbat ekintza ere prestatuko dituzte Atletismo Egunean. Esaterako, eskola kirol adineko gaztetxoentzako atletismo probak izango dira. Izen-ematea 17:30etik aurrera egin ahal izango da Ezkurdin. 

Sorginen Lasterketa

Durango Kirol Taldeak lanez betetako asteburua izango du. Zapatuko Atletismo Egunaren ostean, domeka goizean Sorginen Lasterketa antolatuko dute Axpen (Atxondo). Izen-ematea zabalik dago ostiral gauerdira arte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!