Kirol hori ezagutaraztea eta gaztetxoei probatzeko aukera eskaintzea izaten da helburua. Lehiatik haratago, duatloiaren inguruko jai moduan planteatzen dute. Herrigunean zehar, hainbat ibilbide antolatzen dituzte, adin tarteka banatuta, eta jai giroa herriko txoko guztietara zabaltzen da. Ekimenean batutako dirua Mugarra Triatloi eskolari laguntzeko baliatuko dute: “Azken finean jai giroan kirolaz gozatzea da helburua, eta, distantziak, nahi duten ume guztiek parte hartu ahal izateko eta ondo pasatzeko pentsatuta daude”, azaldu dute Mugarrako kideek.
Ibilbideak errazak izango dira, eta ez da sailkapenik egongo. Izen-ematea Santa Ana plazan egin daiteke, egunean bertan, 09:00etatik aurrera, lasterketak hasi baino ordu laurden lehenagora arte; hiru euro da nagusientzat, eta euro bat 14 urtetik beherakoentzat. Zortzi eta hamalau urte arteko duatloia izango da lehenengoa. 10:30ean hasiko da. 600 metroko saio bi egingo dituzte korrika, Alde Zaharrean. Korrikaldi bien artean, Tabirako igerilekuetaraino eramango dituen hiru kilometroko beste saio bat osatu beharko dute, bizikletan.
Ondoren, 11:00etan, zazpi urtera arteko gaztetxoentzako ibilbidea hasiko dute: 600 metro korrika (300 metroko saio bi) Alde Zaharretik, eta kilometro bat, bizikletan, Pinondo, Laubideta eta Santanostetik. Umeek gurasoekin batera egin dezakete.
Azkenik, 12:00etan, 15 urtetik gorakoen duatloiari ekingo diote. Korrikako sektoreak (4 km-ko saio bi) Barrenkale, Komentukale, Antso Estegiz, Kalebarria eta Goienkaletik izango da. Bizikletako 11 kilometroko ibilbideak Santikurutzeko bidera —Errotatik gora— eta Abadiñoko txaletetara eramango ditu parte-hartzaileak.