AEK-ko ikasle jubilatuei laguntza berezia kendu die Durangoko Udalak

Anboto 2015ko ira. 30a, 13:14

Udal Euskaltegia indartu gura dute berriro, eta jubilatuek laguntza berezia lortu gura badute, hara joan beharko dute. Asko ez daude ados, AEKn gustura egon direlako.

Euskara ikasten duten durangarrek diru-laguntza daukate matrikularen %50 ordaintzeko, eta, jubilatuen kasuan, beste %50 ere jasotzen dute Gizarte Ekintza saileko laguntza bereziari esker. Baina, 45 bat ikasleren eskariari aurre egin ezinda, zerbitzua AEKra pasatzea erabaki zuen udalak. Orain, ordea, udalak Udal Euskaltegia indartu gura du berriro, eta jubilatuek laguntza berezia lortu gura badute, hara joan beharko dute.  Izan ere, AEKn jarraitu gura dutenei laguntza kenduko die. 

Ikasleak gustura ibili dira AEKn, zerbitzuagatik eta taldeko giroagatik. Juan Carlos Elgezua da horietako bat, eta udalaren erabakiagaz  minduta agertu da. “Zergatik ordaindu behar dugu desberdin? Guztientzat berdin izan behar luke. Nik AEKn jarraituko dut, gustura nagoelako”.

Adinekoen garrantzia

Udal bilkuraren amaieran, Amaia Sarrionandiak hartu zuen berba, AEK-ko euskaltegiko arduradunak: “Gu ez gara nor Gizarte Ekintzako dirua nora bideratu behar den esateko, baina adinekoek transmisioan duten garrantzia kontuan hartuta, trataera bera jaso behar lukete”. Hain zuzen ere, AEK-koek diru-laguntzaren %100 Euskara sailetik bideratzea eskatu zuten, uda aurretik. Hasieran, baietz esan zien Goiztidi Díaz zinegotziak, baina gero, gobernu taldeak aldatu egin zuen erabakia.

Diazen partetik jasotako tratua salatu zuen Sarrionandiak: “Ez da tratu zuzena jaso duguna. Herritarronganako begirune falta egon da”. Azaldu zuenez, ekainetik hona hiru batzar eskaera egin dizkiote Díazi, eta, uda ostean, beregana hurbildu behar izan dute gaiaz berba egiteko. Ikasturtea barikuan hasten dela kontuan izanda, berandu ibiltzea egotzi zion Sarrionandiak.

“Altzariak lez”
EAJk eta PSE-EEk, publikotasunaren alde egitearren babestu zuten AEK-ko ikasleei laguntza kentzea. Díazen arabera, euskalduntzea behar dutenen kopurua gutxitu egin da, eta orain, Udal Euskaltegiko irakasle taldea zerbitzuari aurre egiteko moduan dago. "Udalarentzat inbertsio bat suposatzen du Udal Euskaltegiak, eta hori sustatu behar dugu". Pilar Ríosek, Gizarte Ekintzako zinegotziak, azaldu zuen ez doazela ikasleen kontra: “Gure asmoa ez da taldeak apurtzea, baina baliabideak egoki erabili gura ditugu”. Fran Garatek ere ildo beretik: “Udal Euskaltegiak eman ahal badu, ez gara beste zerbitzu bat ordaintzen ibiliko”. Díazek esan duenez, AEKra doazenek hobariak edukiko dituzte euren errentaren arabera.

Bilkuran, EH Bilduko Ion Andoni del Amok plazaratu zuen eztabaida. “Publikotasunaren alde gaude, baina jendearen alde ere bai. Jendea ezin da altzari bat lez tratatu”. Julián Riosek (Herriaren Eskubidea) ere ikasleen alde egin zuen, eta adierazi zuen, aldaketa mailakatua eta adostua izan beharko litzatekeela.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!