Garai hartan, Udal Euskaltegian hasi ginen ikasten, euskararen ezagutzak motibatu gintuen eta hurrengo urtean ere ikasten jarraitzera animatu ginen. Baina, zentruz aldatu behar genuela esan ziguten, Udal Euskaltegira joan beharrean AEK euskaltegira joan behar genuela.
Ez genuen ulertzen zergatik, azalpenik ere ez ziguten eman, baina AEK euskaltegira joan ginen. Ordutik euskaltegi horretan ikasi dugu, AEKn, alegia. Bi talde izatetik, lau talde izatera pasatu gara; 18 ikasle izatetik, 48 ikasle izatera pasatu gara. Familia handia sortu dugu ikasle eta irakasleok, ikasteaz gain txangoak, ospakizunak, euskal ohiturak, ... denetik egin izan dugu.Gustura gaude Pinondon kokatuta dagoen etxe horretan.
Baina orain, hainbeste urte eta gero, Udaletik aldaketak datoz. Berriro ere Udal Euskaltegira joan behar dugula esaten digute, bertako irakasleen lana kolokan dagoela eta bertara joan behar dugula. Ez digute iritzirik eskatu, erabakia hartu dute eta gure matrikula orain artekoa izaten jarraitzea nahi badugu, Udal Euskaltegira joan behar dugu; AEKren euskaltegian geratuz gero, geuk ordaindu beharko dugu matrikula.
Horren aurrean gure desadostasuna adierazi gura dugu. Nahi dugun tokian ikasteko eskubidea aldarrikatzen dugu, baldintza ekonomiko berekin. Erabili egiten gaituzte: unean uneko politikoen erabakiaren arabera toki batera edo bestera eramaten gaituzte. Udal Euskaltegiko egoera larria dela eta hara joan behar dugu; eta, zer gertatuko da hobetzen denean? Udalari, berriro ere, AEKren aukera merkeagoa iruditzen zaionean? Orduan, berriz eramango gaituzte AEKra? Berriro ere gurekin kontsultatu gabe, gura iritzia eskatu gabe?
Haserre gaude, oso. Ez gara umeak, pertsona helduak gara eta zor zaigun errespetuaz tratatzea eskatzen dugu. Ez gara toki batetik bestera eraman daitekeen altzari bat.
Gustura gaude AEKn, irakasleak ezagutzen ditugu eta haiek ere bai gu. Ez dugu aldatu nahi, eta horrela adierazi diegu Durangoko politikoei, baina erabakia hartuta dagoela esaten digute. Erabaki politikoa.
Bada, geuk ere hartu dugu erabakia. AEKn jarraituko dugu ikasten edo bestela ez gara inora joango. Ez daukagu ezer Udal Euskaltegiaren aurka, baina uste dugu gauzak ondo daudenean bere horretan mantendu behar direla.
Zer lortu dute? Haserrea besterik ez, gurekin ez baitute Udal Euskaltegian daukaten arazoa konponduko. Beraz, gutako batzuk etxean geratuko gara euskara ikasi ezinik eta ahal dugunok matrikula ordaindu eta segi, hori da Durangoko Udalak duen euskara bultzatzeko gogoa, hori!
Musu bat gure irakasleei