Ariznabarreta Espainiako Kopako podium barik, txanorik gabeko anorak batengatik

Anboto 2015ko ira. 28a, 13:56

Oier Ariznabarreta mendi lasterketa batean.

Aragoiko Kilometro Bertikalean hiru minutuko zigorra jarri dio federazioak arau bat ez betetzeagatik: bere anorakak ez zeukan txanorik. Datorren urtean ez duela Espainiako Kopan parte hartuko iragarri du.

Asteburuan Kilometro Bertikalen Espainiako Kopako hirugarren eta azken proba lehiatu dute Canfranc (Aragoi) inguruan. Oier Ariznabarreta —Euskadiko selekzioa— durangarrak Kopako podiumera sailkatzeko adina meritu egin ditu lasterketan, baina araudia bete ez izanak hirugarrenetik laugarren postura atzeratu du. Epaileak zorrotz aritu dira. Parte hartzaile denek txanodun anorak bat eraman behar zutela jakinarazi zuten hitzaldi-teknikoan eta Ariznabarretarenak ez zeukan txanorik. Baldintza horri ez zion beste munduko garrantzirik eman. Lau lagunek txanodun anoraka eskaini zioten, baina berea hotzari aurre egiteko aproposa zela iruditu zitzaion eta ez zituen onartu, sare sozialetan azaldu duenez. Eta modu horretara aurre egin zion probari.

Kilometro Bertikalean laugarren geratu zen. Helmugan antolatzaileek bere anorakak txanorik bazuen galdetu zioten eta ezetz onartu zuen. Ondorioz, hiru minutuko zigorra jarri zioten —beste sei korrikalariri ere bai— eta zortzigarren postura jaitsi zen. Horrela, Espainiako Kopan hirugarren barik laugarren geratu da azkenean. Iñigo Larizek —Mugarra Triatloi Eskolako zuzendaria— geratu da hirugarren  Aitor Osa eta Pere Rullan-en atzetik.

Agur Espainiako Kopari

Datorren urtean Espainiako Kopan ez parte hartzea erabaki du. Gertatu zaiona umorez hartzen saiatu da, baina haserre dagoela ere nabari zaio. Aurreko kilometro bertikal bietan —Kanaria Irletan eta Mosquiterun— anoraka erabiltzeko derrigortasuna kendu egin zutela gogoratu du, nahiz azken horretan hotz egiten zuen mendi puntan: “Eta atzo, bat ere haizerik ez eta eguzkia iragarrita zegoenean, anoraka derrigorrezkoa zen… eta gainera txanoarekin”, salatu du. 

Espainiako Koparen balorazio orokor bat ere egin du. Aurten parte hartzaile kopurua eta batez besteko maila “pobreak” iruditu zaizkio. Oro har, Euskadiko Kopan maila hobea dagoela uste du. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!