50 auto baino gehiago egongo dira XV. Klasikoen Rallyan

Anboto 2015ko ira. 25a, 12:18

Gaur eta bihar  jokatuko da Durangoko XV. Klasikoen Rallya, eta, antolatzaileek adierazi dutenez, 50 auto baino gehiago egongo dira parte hartzen. Hainbat motatako auto zaharrak ikusi ahalko dira errepideetan: Ferrari,  Porsche,  Lancia,  BMW,  Audi,  Ford  Escort,  Peugeot, Seat, VW... Gaur, 21:00etan irtengo dira autoak, Landako Gunetik, eta lehenengoa 02:30 inguruan ailegatzea aurreikusi dute. Bihar, ostera, 11:00etan irten, eta 20:00etara arteko ibilbidea egiteko asmoa daukate.


Lasterketa hau hainbat arrazoirengatik da berezia. Adibidez, 30 urtetik gorako autoak direnez, rallya 50 km/h abiaduraz azpitik korritzen da, eta errepideak ez dira trafikorako ixten. Gainera, denbora teorikoetara gehien hurreratzen denak irabazten du proba. Hori neurtzeko, 100 kontrol puntu inguru ezarriko dituzte antolatzaileek. Lasterketaren ezaugarriak eta parte-hartzea kontuan hartuta, Espainiako probarik onena dela uste dute antolatzaileek.

Muniketa, birritan
Ibilbidea sekretua dela azaldu dute, baina, zaleei begira, hainbat  aurrerapen eman dituzte. Esaterako, Muniketatik birritan pasako dira bihar, 11:00etan eta 12:20 inguruan, hain zuzen. Arratsaldeko 16:00etatik aurrera, Otxandiotik Eskoriatzarako zatia burutuko dute klasikoen gidariek.

Durangoko bost talde
Iaz, Jorge Bethencourtek eta Asier Madariagak osatutako bikoteak irabazi zuen proba, 1978ko Peugeot 504 bategaz. Aurten ere parte hartuko dute, baina bakoitzak bere aldetik. Bestalde, aipatzekoa da gidari bizkaitar asko egongo direla, eta Clasicos Durango taldeak bost auto aterako dituela errepidera. Espainiatik, Frantziatik eta Italiatik ere etorriko dira auto klasikoen gidariak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!