Ardanzak txiki-txikitatik eta oso gertutik bizi izan du saskibaloia. Jesuitak ikastetxean ikasi du, eta aita Imanolek, bertako irakaslea izateaz gainera, saskibaloi talde asko entrenatu ditu azken 15 urteetan. Tartean, Oier bera. Laugarren mailatik aurrera, bost urtetan, semea partaide zen saskibaloi taldea entrenatu zuen. Baina, zaletasuna lehenagotik datorkiola dio. “Hiru urte nagusiagoa den Aitziber arreba ere saskibaloi jokalaria da, eta Oier haren entrenamenduetara joaten zen”, gogoratu du Imanolek: “Ez zuen jokatzen, baina entrenamendu saioak egiten zituen eurekin. Sei-zazpi urte izango zituen orduan”.
Eskola kiroletik kirol federaturako saltoa Tabirakon eman zuen. Haur-kategoriako adina izanda, Tabirakoren kadeteekin aritu zen iaz, Euskal Ligan, “oso maila exigentean”, Tabirakoko presidente Ina Mendiberen esanetan. Bera baino urtebete edo bi nagusiagoak ziren jokalarien kontra jokatu arren, “ez zen kokildu, ezta gutxiago ere, eta ausardiaz jokatu zuen”. Labur esanda, “gozamena izan da Oier gure taldean izatea”. Jokalari “umila” da Mendiberen ustez, eta “umiltasun horrek asko lagundu diezaioke gora heltzen”.
Euskadigaz ezagutzera
Orain urte bi, Autonomien Arteko Espainiako Txapelketa jokatu zuen Euskadiko selekzioagaz ,San Fernandon (Cadiz), eta talde handietako begiraleek orduan jarri zuten arreta Oierrengan. Joventuteko arduradunak txapelketan bertan hurreratu zitzaizkion familiari, eta, handik gutxira, Real Madriletik eta Bartzelonatik deiak jaso zituzten. Harrezkero, hiru taldeekin hainbat torneo jokatu izan ditu. “Etorkizunean bere taldekide izan zitezkeenekin esperientzia bat bizitzea zen helburua”, dio Imanolek. Erabaki zuzena hartzeko bizipenak, sentsazioak eta informazioa pilatu zituen.
Bartzelonaren laudorioak
Bartzelonako saskibaloi klubeko ordezkariek Anbotori kontatu diotenez, “su txikitan kozinatu den fitxaketa izan da”. Cadizen lehenengoz ikusi zutenean, “dohain bereziak ikusi genizkion, jokalari desberdina dela konturatzeko modukoak”. Harrezkero, pazientziaz itxaron dute, familiak une egokia zela erabaki arte. Kadete adina izan arte, ez zioten joaten utzi nahi. Azkenik, iazko udaberrian jaso zuten baietza.
Oierrek 14 urte ditu, eta “etorkizuneko apustu garrantzitsua da”, Bartzelonako ordezkarien esanetan: “Ikusi genuen lehen unetik erakarri zuten gure arreta bere dohain tekniko eta fisikoek”. Laudorio horiek gutxi balira, denetan handienarekin amaitzen dute: “Gure ustez, bere belaunaldiko jokalaririk garrantzitsuenetakoa da”.
Aitziber Ardanza: “Esperientziagaz gozatzeko da eman diodan aholkua”Oierrentzat bere bizitzako ohiko osagai izan da saskibaloia. Rakel Bernaola amak gaztetan jokatu izan du. Aita, besteak beste, Tabirako Baqué gizonen lehen taldeko laguntzailea da gaur egun, eta arreba Aitziberrek Tabirakoko juniorretan jokatzen du. Nebarekin askotan egoten da Aitziber, telefonoz ez bada, skype bidez. Oierrek ezin die komunikabideei adierazpenik egin adin txikikoa delako. Hori da Bartzelonaren politika. Horregatik, Aitziberrek kontatu digu neba zelan dabilen: Umetan, Oier zuen entrenamenduetara joaten ei zen. Zer gogoratzen duzu sasoi hartatik? |