Jon Ander Larreategi: "Sekulako mapamundia dut gelan, hori izan dut inspirazio iturria"

Anboto 2015ko ira. 22a, 10:54

Mundua estoldetan behera ikusi daiteke egunotan Durangoko kaleetan. Mundua amaitu dezaketen arrazoien inguruan hausnarrarazi gura du horrela Jon Ander Larreategik, Mugikortasun Jasangarriaren Astearen barruan antolatutako II. Bizikletarte lehiaketaren  irabazleak. Hilabete inguru eman du proiektua garatu eta gauzatzen.  700 euroko saria lortu du.


Mundua urtuta. Horrela ikusten duzu etorkizuna epe luzera?
Bai, horrela aurreikusten dut, eta oinarrizko bizi ohiturak aldatzen ez baditugu, mundu honi amaiera emango diogu lehenago edo geroago.

Mundua estoldetan behera doala irudikatu duzu. Zer esan gura duzu lan horregaz?
Gizakiaren jarduerak eragin negatibo handia sortzen duela ekosistemarekiko, eta munduari akabera ematen ari garela. Irudi honekin metafora antzeko bat egin nahi izan dut, mundua estoldetatik behera botako bagenu bezala.

Mugikortasun jasangarriaren inguruan kontzientzia hartzea izan duzu helburu? Nola garatu duzu zure proiektua?
Obra honek ez du zuzenean mugikortasun jasangarriaren sustapena adierazten, oso esplizitua izan ez dadin. Lan honek munduari amaiera eman diezaioketen arrazoien inguruan hausnartzea du helburu, eta mugikortasunak pisu handia hartzen du kutsatzaile handienen artean.

Mugikortasun jasangarriari dagokionez, oraindik ere bide luzea dugu egiteko.
Beste arlo askotan bezala, gauza asko daude egiteko oraindik. Aurtengo Mugikortasun Astearen goiburuak dioen moduan, Aukeratu. Aldatu. Konbinatu.Garrantzitsua da ibilgailu mota ezberdinak konbinatzea, ibilgailu pribatu eta publikoen kasuan; momentu edo egoera bakoitzerako egokiena den ibilgailua erabiltzea, kutsatzen duten ibilgailuak asko erabiltzea ekiditea, eta hauen erabilera optimizatzea, autoa partekatu, adibidez.

Nola hartu duzu zure lana aukeratu izana? Espero zenuen ?
Egia esan, ez. Ez nuen espero nire lana irabazlea izatea, nire profila ez dago-eta zuzenean arteagaz lotuta. Ustekabea izan da niretzat irabaztea.

Besteak beste, orijinaltasuna eta bideragarritasuna izan ditu kontuan epaimahaiak irabazlea aukeratzeko orduan. Nola bururatu zitzaizun ideia?
Sekulako mapamundia daukat gelan, hori izan dut nire inspirazio iturria. Gainera, iraunkortasunak, bere osotasunean, dezente kezkatzen nau, eta honen inguruan irakurtzea eta filmak ikustea gustuko dut.

Zerk animatuta aurkeztu zinen Bizikletarte lehiaketara? Lehenengo aldia da?
Enpresen zuzendaritzan eta kudeaketan gradua amaitu berri dut Bilbon. Hango liburutegi eta kultur etxean ikusi nuen kartela, eta lehiaketan parte hartzea erabaki nuen. Hasiera batean, informazio sakonagoa eskatu nuen lehiaketaren inguruan, eta nirearen gisako profila zuen pertsona batek parte hartu ahal zuen ere galdetu nuen, profil artistiko edo sortzaileago bat edukitzea eskatuko zutelakoan. Eta bai, noski, Bizikletarten proiektua aurkezten dudan lehenengo aldia da.

Horrelako ekimenek herritarrok ingurumenaren inguruan kontzientzia hartzeko balio dezaketela uste duzu?
Nire ustez, honelako ekintzek gai askoren inguruan hausnartzeko balio dute, hori delako interbentzio artistikoen helburua, azken finean. Beraz, ingurumenarekin loturik dauden gaien inguruan kontzientziatzeko ere erreminta erabilgarria dela uste dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!