Uribarri Barrutieta: "Nire bizitza ez litzateke berbera izango errugbirik barik"

Anboto 2015ko ira. 21a, 10:15

Europako errugbilari gazte onenen artean ibili zen joan zen asteburuan Uribarri Barrutieta, Espainiako selekzioak Liejan (Belgika) jokatu zen Europako Txapelketarako hautatu zuen eta. Selekzioagaz debuta egin, eta emaitza bikaina ekarri du etxera DRTko jokalariak. Izan ere, azpitxapeldun geratu zen bere taldea, finalean Ingalaterraren aurka galduta. Espainiakoagaz bakarrik ez, Basque Team Fundazioko kide ere bada.

Errugbia zainetan darama, eta kirola maite du; Kirol Hezkuntza ikasten hasi da unibertsitatean. Gaztea izan arren, duela hamabi urtetik ezagutzen du Arripausueta zelaia, eta bertan erantzun die ANBOTOren galderei.

Zorionak, Uribarri. Pozik, ezta?
Eskerrik asko. Bai, oso pozik nago. Txapelketa ondo joan zen. Galesen kontra berdindu egin genuen lehen partiduan, eta beste biak irabazi Italiaren eta Irlandaren aurka. Gure multzoko lider geratu ginen sailkapenean. Gero, Belgikaren kontra jokatu genuen final-laurdenetan, eta Portugalen aurka finalerdietan. Finala Ingalaterraren aurka izan zen.

Zelako partaidetza eduki duzu? Titularra izan zara?
Partidu guztiak hasieratik jokatu ditut, ordezkoak irten ziren partidu bat izan ezik.
 
Finala gogorra izan zen?
Bai. Partidu gogorrena izan zen, txapelketan galdutako bakarra.  Eurek sei hilabete zeramatzaten prestatzen, eta hori igarri egin zen zelaian. Gu lau egun baino ez ginen egon elkarrekin.

Herrialdeen arabera asko aldatzen da errugbiaren eragina edo indarra...
Ingalaterrakoek esan ziguten milaka fitxa dauzkatela; 18 urtez azpikoetan lau talde dauzkate, eta guk bakarra, justu-justu.
 
Galdu arren, esperientzia ona izan da?
Bai. Ez nuen espero selekziorako deitzea. Lehenengo, euskal federaziotik deitu zidaten, hautatu egin nindutela esaten. Gero, Espainiako selekziotik deitzerakoan, erronka bat gehiago pilatu zitzaidan.

Lehenengo aldiz parte hartu duzu Espainiagaz?
Bai. Entrenamenduetarako kontzentratuta-eta egon izan naiz, baina partiduak jokatzeko ez.

Finalera ailegatzea sorpresa izan da taldearentzat?
Hasierako multzoa ikustean, talde gogorrak zirela konturatu ginen, eta zail edukiko genuela aurrera pasatzeko. Baina, Galesen kontra 12-12 berdindu genuenean, motibazioa handitu egin zitzaigun. Lau egunez bakarrik entrenatuta, esperientzia ona izan dela esan daiteke.  

Zenbat urte daramatzazu DRTn?
Bada, sei-zazpi urtegaz hasi nintzen jokatzen. Beraz, hamabi bat urte egingo ditut aurten. Nire lehengusu nagusiak jokatzen zuen, eta bera ikusten etortzen nintzen, lehengusu txikiagaz batera. Azkenean, biok eman genuen izena. Oraintxe bertan, nire bizitza ez litzateke berbera izango errugbirik barik.

DRTren denboraldia hastear egongo da, ezta?
Bai. Irail amaieran hasiko da denboraldia. Aurten, gainera,  ondo ibiliko gara, iaz baino fitxa gehiago dauzkagu eta. Jendea gogo gehiago ipintzen dabil.

Durangon errugbia indartsu dago?
Bai. Gainera, nire ustez gero eta indar gehiago hartzen dabil azkenaldian. Izan ere, iaz mutilen lehen taldekoek oso denboraldi ona egin zuten, eta oihartzuna eduki zuen.

Hurrengo urteetan ere Espainiako selekzioan jokatzen ikusiko zaitugu?
Hori espero dut. Ea zelako txapelketak dauden eta hautatua izateko zorterik dudan. DRTn, behintzat, beti jarraituko dut.

Jende batek uste du errugbia oso kirol gogorra dela...
Ez. Jokoa ulertzean dago gakoa. Lurrera zelan jausi, edo plakaketak zelan egin ikasten baduzu, ez da gogorra. Nik, hamabi urtean, lesio bakarra eduki dut, eta kasu hori burugogorkeriagatik izan zen. Kontaktuan oinarritzen den kirola da, eta, ondorioz, kolpeak jasotzen dituzu, baina ez da hainbesterako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!