Blokeari eutsiz, iazko lorpenak errepikatzea du helburu Tabirakok

Anboto 2015ko ira. 17a, 17:00

Tabirakok egin du aurtengo taldeen aurkezpena. Aurten, nobedade moduan, Baqué enpresaren egoitzan izan da ekitaldia, eta ez Landako kiroldegian. Talde nagusi biek urrian ekingo diote denboraldiari, eta, oro har, iazko blokeari eustea lortu dute. Horrela, gizonek “apurka-apurka goranzko pauso bat” eman dezaketela uste du Ina Mendibe  klubeko presidenteak. Emakumeak bikain dabiltza azken denboraldietan, lauko final bat tarteko, eta maila horri eutsi gura diote. Edozelan ere, emaitzen gainetik, edo gutxienez euren mailan, klubeko filosofiari eustea da helburu nagusia: herriko gazteei saskibaloian jokatzeko aukerak eskaini eta lankidetza sustatzea.

Gizonen aulkian, Iskander de Dios entrenatzaileak jarraituko du. Jokalari bik utzi dute taldea, eta beste bi etorri dira. David Tudela Tabirakora itzuli da, iaz EBA mailako Askartza taldean ibili ostean. Xabi Arroita, aldiz, juniorren tadetik igo dute. Beste gazte batzuek bigarren taldean jokatuko dute, apurka nagusien dinamikan sartzen joateko.

Emakumeen aulkian ere ez dago nobedaderik, eta Jesus de Vicentek darrai. Zuriñe Oruek, Nerea Larrazabalek eta Maria Muguerzak taldea utzi dute. Leire Intxaustegi da, oraingoz, lehen taldeko aurpegi berri bakarra; juniorren taldetik igo dute.  

Harrobiari aupada
Aurten, 12 talde federatu izango ditu klubak, ohi baino apur bat gutxiago. Aldiz, eskola mailako taldeak 38 izango dira, iaz baino gehiago. Azken aldian umeak saskibaloira erakartzea kosta egiten dela ikusita, hasi berri duten legegintzaldian zuzendaritzak harrobiari aupada berri bat ematea du helburu: “Zarata egin behar dugu, gazteak geureganetzeko lanean sakondu gura dugu. Saskibaloirako ilusioa piztu behar diegu, eta horretan egingo dugu ahalegina”, azaldu du Mendibek. Arlo horretan, eskolek urtero egiten duten lana azpimarratu du, eta eurekin eskutik lanean jarraitzeko asmoa dute.

Gizonen Baqué Torneoa jokoan, asteburuan

Asteburuan, gizonen Baqué Torneoa jokatuko dute Landako kiroldegian. Zapatuan finalerdiak jokatuko dituzte; 16:45ean, Deusto Loiola Indautxu Donibane Lohizuneko Nivelle Basket taldearen aurka ariko da, eta, 19:00etan, Tabirako Baqué-Paules taldeen artekoa hasiko da.

Domekan, 10:00etan, hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partidua jokatuko dute, eta, 12:00etan, zapatuko irabazle bien arteko finala jokatuko dute.

Joan zen astean, emakumeen Baqué Torneoa jokatu zuten. Finalerdian Tabirako Baquek galdu egin zuen Azkoitia-Azpeitiaren kontra (40-49), baina, aurkarien maila ikusita, primeran aritu ziren. Gipuzkoarrek irabazi zuten torneoa, domekako finalean Angle Cote Basque taldea 65-55 menderatuta. Finalaren aurretik, Tabirakok Ventanas Arsan Astilleros menderatu zuen (71-51), eta hirugarren postua lortu zuen etxeko torneoan.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!