Kalitate handiko hamalau ikuskizun, San Agustingo udazkeneko denboraldirako

Anboto 2015ko ira. 11a, 14:21

Glu Glu Produkzioak taldearen umeentzako antzezlana da, Durangoko San Agustin kulturgunearen irailetik abendura arteko agendako lehenengo hitzordua. Gaur eman dute antzokiaren arduradunek hurrengo lauhilerako eskaintza kulturalaren berri.

Hiru txerritxoak ipuin klasikoaren Glu Glu taldearen bertsioa izango da, irailaren 20an, San Agustin kulturgunean ikusgai. Arantza Arrazola kulturgunearen arduradunak nabarmendu duenez, "iragan denboraldiko umeentzako antzerki obrarik arrakastatsuena" da Glu Glu taldearen hori. Ipuin klasikoetan oinarrituriko antzezlanei publikoak egiten dien harrera beroa ezagututa, emanaldi bi aurreikusi dituzte, irailaren 20rako; 12:00etan bata, eta 18:00etan bigarrena.

Durangoko jaien bueltako programazioa aurreratu dute Arantza Arrazolak eta Mari Jose Balierrek, gaurko prentsaurrekoan. Maite Guevararen klown ikuskizuna aipatu dute, batetik. Urriaren 3an izango da Guevararen ¡Ahora! ikusteko aukera. Arrazolaren berbetan, "Topaklown jaialdian eskaini genituen ikastaroetan irakasle jardundakoa da Guevara, aktore oso ona, eta dakarren klown ikuskizuna oso ederra da". Hain zuzen ere, Topaklown jaialdiagaz bezala, klown diziplina bultzatzeko helburuagaz, denboraldi guztietan klown ikuskizun bat programatuko dutela iragarri du San Agustin kulturgunearen arduradunak. Guevararena izango da Topagauak sail berria inauguratuko duen emanaldia.

Ron Laláren "ikuskizun bikaina", jaietarako

Arantza Arrazolak agerraldi horretan azpimarratu duenez, Ron Lalá antzerki taldearen eta Espainiako Antzerki Klasikoaren Konpainiak ekoitzi duten En un lugar del Quijote da San Agustingo udazkeneko eskaintzaren alerik preziatuena. "Formatu handiko ikuskizuna", Arrazolaren hitzetan, "bikaina". Durangoko jaien barruan, urriaren 11n etorriko da Ron Lalá Durangora, eta San Agustingo arduradunak dioenez, egun horretan antzokira doanak ez du damurik izango.

Urriko eskaintza borobiltzeko, Tanttaka Teatroa konpainia gipuzkoarrak atzo Donostian estreinatu zuen antzezlana izango da Durangon gozagai. Kreditua da antzezlanaren izenburua, eta Jordi Galcerán antzerkigilearen obraren euskarazko bertsioa da. Joseba Apaolazak eta Zuhaitz Gurrutxagak dihardute "komedia oso dibertigarri" horretan aktore lanetan.

San Agustin kulturgunea kudeatzen duen Astarloa Kulturgintza erakunde publikoaren presidente legez parte hartu du gaurko prentsaurrekoan, hainbat urtean kargu horretatik aldenduta egon den Mari Jose Balier alkateordeak. "Duela hainbat urte bertako sorkuntza bultzatzeko abiatu genituen hainbat ekimen egonkortu direla ikusteagaz pozik" agertu da Balier, eta eskerrak eman dizkie San Agustin kulturguneko langileei zein azken legegintzaldian erakunde publiko horren presidentea izan den Jon Kepa Garrori.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!