Saskibaloi entrenatzaile izateko prestatzen dabiltza gazteak

Anboto 2015ko ira. 12a, 10:00

Ume eta gazte asko dabiltza saskibaloian, eta eskola kirolean indar handienetakoa duen kirola da. Baina, hainbeste jokalariri erakusteko, entrenatzaileak behar dira, eta, batzuetan, horiek topatzeko arazoa egoten da eskoletan edo klubetan. Entrenatzaileen beharra du, esaterako, Durangoko Tabirako klubak. Bizkaiko Federazioaren laguntzaz, gazteak entrenatzaile izateko trebatzen dituzte, eta horrelako ikastaro bat Durangon garatzen dabiltza aurten.


30 bat gazteko koadrilak parte hartzen du ikastaroan, klase teoriko eta praktikoak jasotzen.  Dagoeneko zortzi bat egun eman dituzte, eta bateren batek “ordu larregi” direla esan arren, esperientzia polita dela diote gehienek. Astelehenean, Jesuitak ikastetxean elkartu ziren klasea hartzeko. Askok badaukate lehendik saskibaloi talde baten ardura, eta ikastaroagaz euren ezaguera indartu gura dute: “Ia denok daukagu talde bat entrenatzeko, eta astiro-astiro mailaz igotzen joatea da asmoa”, esan zuen ikasleetako batek.

Cristina Kruj izan zuten irakasle astelehenean, Taldearen Zuzendaritza arloa ikasteko. Ikastaroaren balioaz berba egin zuen Krujek: “Hezkuntza garrantzitsua da, talde bat hartzen duen edozein gaztek gutxieneko jakintza batzuk eduki ditzan”. Batez ere, goragoko mailetan omen dago entrenatzaile faltaren arazoa: “Saskibaloia indartsu dago, batez ere behe mailetan. Horregatik, eskolek eta klubek entrenatzaileak eskatzen dituzte. Baina, hurrengo mailetan falta da”.

Ikastaroa ematen gustura dabil Kruj: “Gustatzen zait gazteak inplikatzen ikustea; entrenatzaile izatea ez dadila soilik dirua irabazteko izan”. Gehiago inplikatzeko eta saskibaloia bizitzeko deia egin die gazteei Krujek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!