DRTk eta Nissan Gaursak hiru urterako babesletza akordioa sinatu dute

Anboto 2015ko ira. 11a, 11:27

Urtero, denboraldi amaieran, Nissan Micra bat zotz egingo dute.

Durango Rugby Taldeak eta Nissan Gaursak hiru denboraldirako babesletza akordioa sinatu zuten atzo, Kurutzesantu museoan egindako ekitaldian. Babesletzak dirauen artean errugbi taldeak Durango Nissan Gaursa deituko dira.

Errugbi klubak diru-kopuru bat jasoko du urtero eta, horrez gainera, denboraldi amaieretan Nissan Micra auto bat zotz egingo dute. Guztira hiru auto zozketatuko dituzte, denboraldi bakoitzeko bat. Denboraldian zehar zozketa horretarako txartelak salduko dituzte kalean zein Durangoko Goienkalen duten tabernan.

Lau urtean babesletza barik egon ostean, Nissan Gaursaren partetik horrelako laguntza jasotzea “oso inportantea” zela azpimarratu zuen Juan Manuel Iriondo DRTko presidenteak: “Ospatzekoa da”. Nissan Gaursako gerente Jasone Rodriguezek DRTrekin “oso eroso” sentitzen direla azaldu zuen eta “pozgarria da eurekin eskutik joan ahal izatea”. Estilo eta balore batzuk elkarbanatzen dituztela nabarmendu zuen: “Gizarte eta ingurarekiko konpromisoa, talde lanari ematen diogun garrantzia…”.

Iriondok Udalaren urtetik jasotzen duen laguntza ere eskertu zuen.

Gizonen taldeak ez sufritzea helburu

Iriondok laster hastera doan denboraldiari begira dituen esperantza eta nahiak ere azaldu zituen kazetarien galderei erantzunez. Gizonen talde nagusiko entrenatzaile Oskar Astarloari hiru gauza eskatu dizkiotela azaldu zuen. Alde batetik, “Ligan eroso egon eta ez sufritzea”. Horrekin batera, “bigarren taldea indartzea; iaz ez genuen ondo landu eta hor erronka bat dugu”. Azkenik, “klubaren estiloari jarraitzea” eskatu du: “Errugbian jokatu eta entrenatzea balore batzuen barruan. Emaitza baino taldeko giroa da inportanteagoa. Orain arte kriston giroa egon da eta horri jarraipena eman behar diogu”.

Nesken taldeagaz “oso ilusionatuta” daudela adierazi zuen. Etxeko 20 bat fitxa dituztela aipatu zuen eta Mungiatik lau bat etorri direla: “Etxeko talde bat izatea Durangon bertan oso inportantea da. Liga potentea egitea espero dugu”.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!