Durangok hartuko du aurten Cafés Baqué torneoaren finala

Anboto 2015eko irailaren 11

Asteon hasi dute buruz buruko Cafes Baqué pilota torneoa. Aurten, 30. aldia egingo du txapelketak, eta sei jardunaldi izango ditu. Finala Durangoko Ezkurdi Jai Alai pilotalekuan jokatuko dute, urriaren 9an.


Urtero legez, kadete eta gazte mailetako pilotariei zuzendutako txapelketa da; maila bakoitzean, 16 pilotarik lau multzotan banatuta neurtuko dituzte indarrak. Durangaldeko lau pilotari daude tartean: gazte mailan, Elorrioko pilota taldeko Gontzal Azkarraga eta Paul Sagasta, eta Zaldibarko taldeko Jon Iparragirre ari dira. Hirurek atzo arratsaldean jokatu zituzten txapelketako partiduak Laukizko pilotalekuan. Kadete mailan, berriz, Durangoko pilota taldean dabilen Aingeru Olaguenagak parte hartuko du.

Kanporaketa bidezko sistema darabilen txapelketa da: irabazleak aurrera egingo du, eta galtzailea kanporatuta geratuko da. Sei jardunaldietako bat, azken aurrekoa, Iurretako pilotalekuan jokatuko dute, irailaren 22an. Olaguenagak, multzoburua denez, Iurretan jokatuko du txapelketako lehenengo partidua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!