Presoen eskultura eta olerkiak, astelehenetik aurrera, San Agustineko erakusketan

Anboto 2015ko ira. 10a, 11:20

Zigor Merodio preso bilbotarraren eskulturak dira Aldharrikatuz erakusketaren oinarria.

Irailaren 14an inauguratuko dute Aldharrikatuz izenburuko erakusketa, Durangoko San Agustin kulturgunean. Eskulturak eta olerkiak biltzen dituen erakusketa da, euskal preso, iheslari eta deportatuen giza eskubideen aldeko Sare Herritarrak bultzaturikoa. Tartean, Alaitz Areitio preso iurretarrak kartzelan idatzitako olerkiak daude.


Zigor Merodio preso bilbotarraren eskulturak dira Aldharrikatuz erakusketaren oinarria, eta Alaitz Areitio preso iurretarrak pieza horiei eskainitako bertsoak ere egongo dira erakusketan. Areitiorenekin batera, Ion Troitiño preso donostiarrak idatzitako bertsoak ere badaude bilduman. Hiru euskal presoek Espainiako eta Frantziako kartzeletan sortutako lanak dira erakusketakoak.

Teresa Toda kazetariak parte hartuko du, irailaren 14an, 19:00etan, izango den inaugurazio ekitaldian. Irailaren 14tik 20ra, 18:00etatik 20:30era egongo da zabalik, eta 19an eta 20an 12:00etatik 14:00etara ere bai.

Erakusketa ikusgai dagoen egunetan, berbaldi bat eta musika eta poesia emanaldi bat ere izango dira, San Agustin kulturgunean. Irailaren 17an, 19:00etan, Dispertsioa ezagutzen berbaldia eskainiko dute Durangoko presoen senideek. Izan ere, dispertsio politikoaren amaiera eskatzeko baliatu gura du Sare Herritarrak erakusketa hau.

Irailaren 19an, bestalde, 20:30ean hasita, Burdin hariak eta plastikozko gorailak musika eta poesia ikuskizuna egongo da ikusgai.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!