Uztailean, Bizkaiko Orkestra Sinfonikoaren kontzertu batean dantza egin zenuen Markinan. Zer moduzkoa izan zen kolaborazio hori?
Lerman Nieves Durangoko musika eskolako irakasle eta biolontxelistaren bitartez hasi nintzen Bizkaiko Orkestra Sinfonikoagaz elkarlanean. Zornotzan egon nintzen uda hasieran eskaini zuten lehenengo kontzertua entzuten, eta han egin zidaten proposamena.
Zer berezitasun dauka orkestra sinfonikoaren ikuskizun horrek?
Oso berezi eta betegarria da niretzat, Latinoamerikako kanta ezagun eta maiteak jotzen dituztenak musikari euskaldunak direlako. Uztaileko Markinako emanaldian, orkestrak zuzenean jo zituen Latinoamerikako bost kanta oso esanguratsugaz dantzatu nuen, eta oso-oso gustura ibili nintzen. Uste dut publikoak ere asko gozatu zuela, bai musikagaz, bai dantzagaz. Ikusle bategaz dantzan ere egin nuen emanaldi hartan!
Yakambú musika taldeagaz ere abiatu duzu elkarlana?
Bai, sortzailea Lerman Nieves den ekimen bat da talde horrena ere, eta emanaldietan nire dantzagaz parte hartuko dut ikasturte honetan. Oraindik ez daukagu emanaldirik zehaztuta, baina udatik bueltan proiektu horri heltzeko asmoa daukagu. Mambo dantzak presentzia berezia izango du saio horietan: Euskal Herriko publikoak bereziki gustuko du dantzakera hori.
Zuzeneko emanaldi horietaz gainera, dantza ikastaroak ere ematen dituzu.
Bai, Ermuan eta Abadiñon eskaini izan ditut tailerrak, eta ikasturte honetan Markinan eta Gernikan emateko asmoa daukat. Kuban ere ibili nintzen dantza eskolak ematen.
Dantza afro-kubatarrak beti?
Bai, dantza afro-kubatarrak dira. Batez ere, yoruba erlijioari eta Kubako dantza tradizionalei loturikoak. Baina afro jazz eta dantza afro garaikidea ere irakatsi izan ditut inoiz. Ume, gazte zein helduentzako aproposak dira dantza horiek guztiak. Nire kulturaren ezaugarri puruenak beste batzuekin uztartzea maite dut, sortzaile izateko aukera ematen duelako horrek.
Zer moduz hartu du jendeak eskaintza? Ikasle asko edukitzen duzu ikastaroetan?
Durangon oso zaila da jendea dantzaraztea [barrez]... Baina edozelan ere, hasi da jendea dantzarekiko jarrera apur bat zabalagoa izaten. Nahi nuke euskaldunek Kubako dantzak –salsa, sona edo yoruba– gehiago ezagutzea. Pertsonen psikologiari on egiten diote dantza horiek.
Zer zentzutan diozu dantza afro-kubatarrak onak direla buru osasunerako?
Dantza horiek yoruba erlijioagaz lotura handia daukate, eta orisha espirituei eskainitako dantzen bitartez bizitzako egoerak eta sentimenduak errepresentatzen ditugu. Uste dut barrua askatzen laguntzen dutela zentzu batean. Edozelan ere, edozein dantza mugimendu egin orduko, egingo duzunaren ezagutza sakona edukitzea oso inportantea da: dantzatuko duzuna ezagutzen ez baduzu, ez duzu ondo interpretatuko.
Durangaldean hainbat lekutan ikusten da Karibeko dantzak irakasten dituztela... Moda bat ere bada?
Bai, horrela da. Tabernetan zein dantza eskoletan eskaintzen dituzte ikastaro eta tailerrak, baina jatorri afrikarreko Kubako kultura ez da lantzen ezagutzen ditudan lekuetan. Kubako kultura sakonki ezagutzeko aukera hori eskaini gura nuke.
Zer helburu eta amets daukazu dantzari lotuta?
Hemen ezezagunak diren hainbat dantza irakatsi nahi nituzke Durangon. Jendeari dantza irakastetik bizi ahal izatea da nire ametsik handiena. Nahi nuke jende asko ohartarazi dantzatzea buru eta gorputz osasunerako ezin hobea dela, bizigarria dela. Arazoak ahazten laguntzen digu dantzatzeak... Nire kasuan, barnean zerbait loratzen sentitzen dut dantzatzean. Argi daukat denok daukagula dantzari izateko gaitasuna, bakoitzaren erabakia dela ahalmen hori garatzea ala ez garatzea.
|