Kubako Camagua taldea gonbidatu dute Durangora

Anboto 2015ko uzt. 22a, 10:00

Uztailaren 25ean, 20:30ean, Santa Ana plazan eskainiko dute dantzaldia Camaguak eta Kriskitinek.

1999. urtetik egiten duen eran, nazioarteko dantzariak gonbidatu ditu Durangoko Kriskitin taldeak, Durango Folk jaialdian parte hartzera. Kubako eta Euskal Herriko dantzak izango dira aurtengo protagonistak; Kubako Camagua dantza taldeko 32 kide, musikariak eta dantzariak, etorriko dira Durangon saioa eskaintzera, eta Kriskitin taldeko dozena bat dantzarik ere emanaldia eskainiko dute, uztailaren 25ean.

Ikusmena zein entzumena gozatzen dituen emanaldia eskainiko duela aurreratu du Camagua taldeak. Kubako folklorearen erakustaldi zabala eskainiko du. Kubako hainbat eskualdetako kulturen berezitasunak islatuko ditu Durangaldeko ikusleentzat: esaterako, Ciego de Ávila eskualdean oraindik ere bizirik dirauten jatorri jamaikarreko antzezpen eta dantzak, Trinidad eskualdeko runba eta tonada, eta jatorri afrikarreko zeremonia erritualetan oinarrituriko dantzak.

Kriskitin dantza taldekoek azpimarratu dute, itsasoz bestaldetik etorriko direnez, gonbidatuek izango dutela uztailaren 25eko emanaldian protagonismo nagusia. Baina, ohi bezala, dantzari durangarrek ere dantza saioa eskainiko dute.

Durangaldeko dantzekin hasiko dute emanaldia, eta Euskal Herriko gainontzeko lurraldeetako dantza emanaldi laburrak ere egingo dituzte.

Uda Kalean Bizi programako azken emanaldia izango da Durango Folk. Egitarau horretako guztiak bezala, doakoa izango da emanaldia, eta aire librean egiteko pentsatuta dago. Baina euria egingo balu, emanaldia Andra Marira lekualdatzea aurreikusi dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!