'Herriko tabernen' epaia salatu du Durangoko Udalak, EAJ, EH Bildu eta Herriaren Eskubidearen botoekin

Anboto 2015ko uzt. 9a, 18:48

PSE-EE eta PPk mozioaren kontra bozkatu dute. PPko Fran Garatek Espainiar Estatuko sistema judiziala defendatu du, eta adierazi du ETAk desarmatu eta desegin egin behar duela. EH Bilduko zinegotziak zapi edo kamiseta laranjekin joan dira batzarrera, baita hainbat herritar ere.

EH Bilduk aurkeztu du mozioa, eta EAJk eta Herriaren Eskubideak babestu dute. Epaia salatzeaz gainera, elkartasuna erakutsi diete auzipetutako herritarrei eta konfiskatuko diren elkarteetako behargin eta bazkideei. Bestalde, "makroepaiketa politikoekin" amaitzeko eskatu dute. "Egun bizi dugun egoera politiko berrian horrelako gertaerek ez dute lekurik", esan du Dani Maeztuk koalizioaren izenean mozioa irakurtzerakoan.

PPko Fran Garatek sasoi berriak bizi direla aitortu du, baina bere ustez "oraindik ez da heldu sasoia", adierazpen horregaz batera ETAren desegitea eskatuz. Gainera, "auzipetuek eta mozioaren sustatzaileek ETAren jarduera oraindik ez dute gaitzetsi", kritikatu du. Espainiar Estatua demokratikoa dela esan du, eta "auziperatu guztiek eskubideak" dituztela ere bai. Aipatu du auzi horretan bertan auziperatuei zigorrak murriztu zaizkiela, beste auzi batzuetan ezarritako zigorrak kontuan hartuta.

Berari erantzunez, Maeztuk esan du "atzerako ispiluekin" egiten duela politika. Hainbat durangarrek euren jarduera konfiskatuta ikusiko dutela ohartarazi du Maeztuk, eta eztabaidan horrek duela garrantzia.

Julián Ríosek (Herriaren Eskubidea) adierazi du ez daudela ados epaiagaz, eta "aukera politiko baten kontrakoa" dela uste du, pertsona batzuen jardueren araberakoa barik. EAJk eta PSE-EEk ez dute adierazpenik egin. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!