Euskadiko atletarik onenak ikusteko aukera Durangon

Anboto 2015ko uzt. 8a, 14:37

Oskar Zarrabeitia Amankomunazgoko jarduneko presidentea, Geraxane Ussia atleta, Juan Jose Anderez Euskadiko Atletismo Federazioko presidentea, Juan Sampedro Durango Kirol taldeko ordezkaria eta Iñigo Rodriguez atleta

Zapatu honetan eta hurrengoan Euskadiko Atletismo Txapelketa —maila absolutuan— jokatuko dute Durangon, Landakoko pistan. Lehen jardunaldian gutxieneko marka lortu duten ia 300 euskal atleta lehiatuko dira hainbat modalitatetan.

“Urteko zitarik garrantzitsuena izango da”, Juan Jose Anderez Euskadiko Atletismo Federazioko presidentearen berbetan: “Denboraldi osoko lana erakusteko unea da”. Izan ere, txapelketa irabazten saiatzeaz gainera, atletek beste hainbat helburu izango dituzte: esaterako, uztailaren 25ean Xixonen federazioen arteko Espainiako txapelketa jokatuko da,  eta atletentzako azken aukera izango da euskal selekzioan sartzeko merituak egiteko. Aspaldiko borrokarik estuena espero du Anderezek eta urte batzuetako “pattaldia” atzean utzi ostean, euskal atleten mailak berriro gora egin duela adierazi du.

Carlos Tobalina —pisu jaurtiketan— eta Naroa Agirre —pertika jauzian— lako atleta prestigiotsuak etorriko dira Durangora. Abiadura probetan Orkatz Beitia (Durango Kirol Taldea) eta Imanol Gil gizonetan, eta, Alazne Furundarena emakumeetan nabarmendu daitezke. Geraxane Ussia 400 metroak bertatik bertara lehiatzen ikusteak ere mereziko du; iaz brontzezko domina irabazi zuen Espainiako txapelketan eta Durangon distantzia berdinean jardungo du. Arantza Moreno ermuarrak xabalina jaurtiketan parte hartuko du. Moreno  euskal harrobiko harribitxietako bat da; gaur egun kirolarientzako perfekzionamendurako Fadurako zentroan entrenatzen dabil.

Beraz, goi mailako atletak datoz, baina hutsune batzuk ere badaude. Datozen asteetan Europako eta munduko hainbat txapelketa jokatuko dira eta, ondorioz, zenbait euskal atletek ezingo dute Durangora etorri. Iñigo Rodriguez da atleta horietako bat. Europako txapelketan parte hartuko du 400 metro hesietan. Europako txapelketara sailkatuta “helburua beteta” duela dio, baina ez da horregaz konformatzen: bere marka onduz 400 metro hesietako proba 52 segundo azpitik osatzea du helburu eta hori lortuz gero finalera sailkatzeko aukerak izan ditzake.

Durangoko kriteriuma hilaren 18an

Uztailaren 18an atletismoak hitzordu bi izango ditu Durangon: arratsaldeko Euskadiko txapelketari goizean zehar jokatuko den Durango Uria beteranoen kriteriuma gehituko zaio. Durango Kirol Taldeak da antolatzailea eta aurten 300 bat atleta batuko ditu.


Izen-emateen zerrenda eta proben ordutegiak Euskadiko Atletismo Federazioko webgunean begiratu daitezke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!