Tabirako gaztetxea

Durangoko gaztetxe berria: "Jabeekin berba egin eta akordio batera heltzea da gure asmoa"

Anboto 2015ko uzt. 1a, 17:18

Tabiran okupatu berri den gaztetxeko kideek prentsaurrekoa eskaini dute, eta eraikinaren jabeekin akordioetara heltzeko borondatea agertu dute. Dozenaka gaztek parte hartu dute agerraldian, eta auzotarrei zein laguntzera joan direnei eskerrak eman dizkiete.

Fundifes fabrikako bulegoak okupatu dituzten gazteek jabeekin -lehengo beharginekin- berba egiteko asmoa erakutsi dute. Irati Bereinkua eta Karolina Suarezek egin dituzte adierazpenak denen izenean: "Jabeekin berba egin eta akordio batera heltzea da gure asmoa". Momentuz aurrera darrai gaztetxeak, eta pozik daude: "Elkarlanean egiten ari garen honek, agerian uzten du Durangoko gazteok badugula gaitasuna egun ditugun gabeziei gure kabuz erantzuteko". Parte hartzen dabiltzan guztiak zoriondu dituzte.

Azaldu dutenez, herritar batzuek kezka agertu dute bulegoen atzealdean dagoen eremu industrialean gai toxikoak omen daudelako. Gazteek esan dute teknikari bategaz berba egin dutela, eta batez ere uralita ez ukitzea aholkatu dietela. Horregatik, eremurako sarbideak ixteko neurriak hartuko dituzte. Bestelakoan, bulegoetan arriskurik ez dagoela esan die teknikariak.

Gela hutsak betetzera

Gazteek eskerrak eman dizkiete auzotarrei: "Eskerrak eman gura dizkiegu, lehen egun hauetako garbiketa eta konponketa lanen ondorioz eragindako eragozpenen gainetik, besoak zabalik hartu gaituzten Tabirako auzokideei". Gaztetxera hurreratu diren herritarrei ere mezu bera helarazi diete, eta esan dute beharrezkoa ikusten dutela herritarrekin hartu-eman hori.

Hartuemanak sustatu eta aisialdi zein kultur eskaintzak sortu gura dituzte gazteen artean: "Proiektua gorpuzteko garaia da, eraikineko gela hutsak ideiaz eta ekimenez betetzekoa". Horregatik, gazteei bertara animatzeko deia egin diete.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!