Jon Díaz De Cerio: "Txinan, gobernuak diruz laguntzen die futbola ikasgai duten eskolei"

Anboto 2015ko eka. 27a, 10:00

Jon Díaz de Cerio (Durango, 1989) Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzian lizentziatua da, eta enpresa kudeaketaren arloko master bat egina du. Hemen lanik bilatu ezin, eta Txinako eskaintza bat onartu zuen. Orain hango gaztetxoei futbolean jokatzen irakasten dabil.

Zelan sortu zitzaizun Txinara joateko aukera?
Masterra amaitu nuenean eta Bartzelonatik itzuli nintzenean, hainbat webguneren bidez, enplegua bilatzen saiatu nintzen. Baina urte bian behin-behineko enpleguak bakarrik aurkitu nituen. Apirilean, eskaintza bat aurkitu nuen Internet bidez, eta eskakizunak betetzen nituela ikusi nuen. Segituan jarri ziren nigaz hartu-emanetan, eta lan elkarrizketa biren ostean onartu egin ninduten.

Asko kostatu zitzaizun erabakia hartzea?
Egia esanda, ez zitzaidan askorik kostatu. Aukera ona zela ikusi nuen, eta, Durangon, egungo egoera aldatzeko zantzu askorik ikusten ez nuenez, aukera berri hori probatzea erabaki nuen. Datorren urteko urtarrilaren 15era arte dut kontratua. Txinan orduan amaitzen da ikasturtea. Gero, ostera, ikusiko dugu zer gertatzen den.

Orain, Laixi herrian zaude, eta eskoletan futbol irakasle zabiltza. Zein da zure egitekoa ?
Adin askotako gazteekin nabil. Gazteenek 9 bat urte dituzte, eta nagusienek 16. Normalean, astean eskola bi ditut talde bakoitzagaz. Ordu eta erdiko ohiko entrenamenduak dira; mutilak eta neskak, biak elkarrekin. Entrenamenduak oinarrizkoak dira, maila baxua dagoelako: motrizitate ariketak, koordinazioa eta baloiaren jabetza lantzen ditugu. Apurka-apurka gauza gehiago sartzen joango gara.

Jon Díaz de Cerio, Txinan ikasle dituen gaztetxoekin.Futbolaren oinarrien gaineko zer jakintza dute gazteek?
Martxoan, Europako entrenatzaile bi etorri ziren. Orduan, umeek ez zekiten futbola zer zen ere. Hankekin eta baloi bategaz jokatzen dela zekiten, eta ezer gutxi gehiago. Telebistan ere futbola sekula ikusi gabeak ziren asko. Orain, gutxienez, oinarrizko arauak ikasi dituzte, eta baloiagaz apur bat moldatzen hasi dira. Hala ere, oraindik alde izugarria dago Europako eta hemengo egoeraren artean.

Laixi futbol taldeko entrenatzailea ere bazara.
Orain hiru aste sortu zuten taldea da. Ume txikiekin hasi gura dute. Ikastetxeetan entrenatzen ditugun jokalari onenak taldera batzea da asmoa. Hala ere, taldea sortu duen enpresak negozio bezala ikusten du, eta izen-emate kuota nahiko altua da. Ondorioz, gaztetxoak erakartzea kostatzen dabilkigu, eta oraindik gutxigaz gabiltza.

Zergatik dute futbola gazteengana zabaltzeko horrelako interesa?
Txinako presidentea futbolzale amorratua da. 2030ean Munduko Futbol Txapelketa antolatzea eta bertako selekzioak maila ona eskaintzea ahalbidetuko liekeen epe luzeko plan bat abiatu gura dute. Oraingoz, jakin dudana da Gobernuak diru-laguntzak ematen dizkiela ikasgaitzat futbola duten ikastetxeei. Beraz, eskolak emateko enpresak sortu dira, eta nik horietako batean lan egiten dut.

Txineraz komunikatzen zarete?
Ez dakit txineraz. Keinuen bidez edo hemen ikasitako berba batzuen bidez komunikatzen gara. Ingelesa eta txinera dakien langile bat dugu, eta eskola batzuetan gugaz egoten da. Kalean gaitzagoa da, dena da keinua eta interpretazioa. Batzuetan desesperatu egiten naiz, gaitz egiten zaidalako komunikazioa.

Oro har, zelako harrera egin dizute?
Ni heldu nintzenean, ukrainar, suediar eta espainiar batek, dagoeneko, denbora zeramaten hemen, eta egoerara egokitzen lagundu zidaten. Txinatarrei ulertzea gaitzago egiten zait hizkuntzagatik. Hala ere, gustura nago.

Orain arte, Txinako zerk erakarri du zure arreta?
Hemen edozein toki ona dela negozio bat abiatzeko. Ile-moztaileak ikusi izan ditut espaloian, aulki bategaz eta ispilu baten aurrean lanean. Podologoak ere ikusi ditut modu berean lanean.

Zer da Euskal Herritik faltan gehien botatzen duzuna?
Oraingoz etxeko janaria. Hotel batean nago, eta egunero etxetik kanpora jan behar dut. Nire gustuko janaria aurkitzea ez da erraza, beraz, oraingoz, nire dieta ez da oso zabala.

Zure horko bizipenak blog batean idazten dituzu.
Senitartekoek nire gaurkotasunaren berri jakin dezaten okurritu zaidan ideia bat da. Jendearen interesekoa dela ikusten badut, noizean behin idazten jarraituko dut. Nire blogaren helbidea www.mifutboldesdechina.com da, eta denak gonbidatu gura ditut iritzia ematera.

Durangoko Kulturaleko zer  oroitzapen gordetzen duzu?
Esperientzia positiboa izan zen. Azken denboraldian kadeteak entrenatu nituen. Urte gaitz batetik zetozen, eta ez genekien zer eman genezakeen. Hala ere, oso ondo hasi, eta azkenera arte igotzeko aukera izan genuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!