Mendiko bizikleta martxa 09:00etan hasiko da Tabirako parketik. Ibilbide osoa Mugarra ingurutik diseinatu dute: Marmol, Orozketa, Bitaño, Larrinagatxu… Ahalik eta biderik korapilatsu, bihurri eta dibertigarrienak aukeratzen saiatu direla adierazi dute antolatzaileek.
Segurtasun neurriak
Urtero legez, parte-hartzaileen segurtasuna bermatzeari lehentasuna emango diote antolatzaileek. Izan ere, lau urteotan, joan-etorriak oztopatzeko, harriak eta enborrak aurkitu dituzte ibilbidean, baita alderik alderako alanbreak ere. Horrela, barikuan eta zapatuan, ibilbidea markatzen dabiltzan bitartean, ibilbidea garbi dagoela egiaztatuko dute. Domekan, martxaren egunean, bidegurutzeetako arduradun bakoitzak bere eremua egiaztatuko du.