Kirolene Durangon geratuko da, Muruetatorre dorretxean

Anboto 2015ko eka. 24a, 16:15

Kirol irakaskuntzen ikastetxe publikoa Durangon geratuko dela baieztatu du Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak, EH Bilduk legebiltzarrean eginiko galderari erantzunez. Kirolenek 800 ikasle ekartzen ditu Durangora.

2009an zabaldu zenetik, San Inazio auzuneko eraikin zaharrean egon da Kirolene, erreka alboan. Matrikulazioz eta mailaz goraka egin du, eta gaur egun 800 ikasle inguru ditu urteko. Ikastetxearen baldintzak hobetzeko, berriztuta eta funtzio barik dagoen XVI. mendeko Muruetatorre dorretxean ezarriko dute. Hurrengo ikasturtean klaseak bertan emateko ahalegina egingo dutela aurreratu du Uriartek.

EH Bilduk gaur egungo egoitzaren baldintzak “tamalgarriak” direla kritikatu izan du udalean, eta 30 lanpostu sortzeaz gainera 800 ikasle Durangora ekartzearen garrantzia nabarmendu ere bai. Uriartek lekuz aldatzeko beharra berretsi du agerraldian. "Egoitzak irisgarritasun arazoak ditu, eta aitortu behar da ez diola irudi onena ematen goi mailako ikasketak eskaintzen dituen zentro bati".

Uriarteren arabera, udalak eta Kiroleneko zuzendaritzak Durangon geratzea eskatu zieten, eta horretarako leku egokiena Muruetatorre dela adostu dute. Landakoko kirolguneetatik gertu egoteari garrantzi handia eman diote.

EH Bilduko Rebeka Uberak ondo ikusi du arazoari soluzio bat topatu izana, eta prozesua aztertuko dutela esan du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!