EAJk Kirolene baztertuta eta ahaztuta daukala uste du EH Bilduk

Anboto 2014ko ots. 14a, 13:18

Eusko Legebiltzarreko ordezkaritza batek Kiroleneren Durangoko egoitza bisitatu du, eta horren harira Durangoko EAJ kritikatu du EH Bilduk.

 

Eider Uribe eta Iker Urkiza zinegotziek gogor egin dute jeltzaleen aurka: "Lotsa sentitzen dugu EAEn dagoen kirol titulazioen eskola ofizial bakarra, guztiz baztertuta eta ahaztuta daukazuelako". San Inazio auzunean dago Kiroleneren egoitza, erreka alboko eraikin zaharrean. "Tamalgarria da ikustea zer nolako baldintzetan eman behar dituzten klaseak", esan du Uribek.

Horregatik, oraingo lekutik hobeago batera eroateko eskaera egin dute. EH Bilduko zinegotzien arabera, udalak badauka ekipamenduetarako eremu nahikoa, "milaka metro karratu libre".  Bestalde, Urkizak gogoratu du Eusko Jaurlaritzak 3 milioi euro zor dizkiola udalari trenbidearen aprobetxamenduagatik, eta horren baliokide, trenaren lurperaketaren osteko espazio librean egoitza eraikitzea ere aukera bat izan ahal dela esan du.

Kirolenek 30 lanpostu zuzen sortzen dituela eta 900 ikasle dakartzala diote EH Bildukoek. Ohartarazi dute Kirolene beste herri batzuetara joateko aukerak daudela, eta hori gertatzen bada EAJren "ikuspegi estrategikoaren faltagatik" izango dela. Durango zerbitzuetarako herria izanda, Kirolene bertan geratzea gura dute EH Bildukoek, eta gainera, esan dute estrategikoki kokapen ona dela, erdibide delako eta inguruan mendiak dauzkalako. Borondate politikoa eskatu diote EAJri: "Ulertezina izango litzateke, burugogorkeri politikoagatik, Kirolenek Durangotik alde egitea".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!