Bateginezen agurra: "Beste mundu justuago bat posible dela sinisten jarraitzen dugu"

Anboto 2015ko eka. 12a, 09:00
Raquel Calvo eta Maite Usategi Bateginez elkarteko kideak. (Argazkia: Lehior Elorriaga)

22 urteko ibilbidea egin du Bateginez gobernuz kanpoko erakundeak, eta agur esateko ordua heldu zaio; agur gazi-gozoa. Hala ere, testigantza utzi gura du. Farmazia proiektuekin eta haurrak babesean hartzeko egitasmoekin hasi zen Pochutan (Guatemala), eta genero indarkeriagaz lotutakoa izan da abiatutako azken proiektua. Maite Usategi eta Raquel Calvo elkarteko kideekin izan gara Bateginezen ibilbideari buruz eta kooperazioari buruz berba egitek.


Bateginezek bere bidea egin du. Zelan sentitzen zarete?
Maite Usategi: Amaiera garratza izan da. Gurago izango nuke horrela izan ez balitz, baina Pochutan sortutako egoerak horretara eraman gaitu. Azken bidaian ikusitakoak konfiantza falta sortu digu, eta horrela ezin da lanik egin. Herri mailako GKE bat gara. Herritik herrirako kooperazioa da gurea. Ez dugu beste inogaz lan egiten, eta, konfiantza galduta, ez genion zentzurik ikusten jarraitzeari.
Rakel Calvo: Modu horizontalean egindako kooperazioa sustatu gura izan dugu beti Pochutako Apsadec elkarteagaz, erabakiak denon artean hartuta. Baina oso erakunde piramidala aurkitu dugu. Bizpahiru lagunek erabakitakoekin ados ez geundela aditzera eman arren, bereari eutsi dio, eta beste inork ez dio aurre egin. Dirua eskatu du, proiektuetan parte hartzeko.

Zerbitzuen truke, dirua eskatu diote hango herritarrei, beraz.
R.C.: Hala da, eta ez digute ezer esan. Diru kontuak beti ondo etorri zaizkigu, baina gehien behar duenari eskatu dio Apsadecek dirua. Arrazoitu digute era independentean jardunez edo etorkizunean beste norabide bat hartuz gero, proiektuak garatzeko dirua batu gura izan dutela. Horregaz ados egon gaitezke, baina beste bide batzuk erabiltzen badira: proiektu berriekin, erakundeetara joz, beste elkarte batzuekin... Azterketa bat ere egin genuen elkarrekin.

Elkarrekin hazi diren GKEak zarete Bateginez eta Apsadec.
R.C.: Parez pare joan gara hazten. Harreman sinbiotikoa izan da. Bateginezeko lehenengo kooperanteak Pochutan zebiltzan moja batzuekin hasi ziren lanean, elkarlan horrek etorkizun handirik izan ez zuen arren. Hala ere, bazegoen hor talde bat Apsadecen sorrerako (1998) nukleoa izan zena. Bateginezek hasitako farmazia eta haurrak babesean hartzeko proiektuak gestionatzeko beharrezko ikusi zuten pertsona horiek heztea eta GKEa sortzea; orduantxe sortu zen etxe soziala eraikitzeko egitasmoa ere –Apsadecen egoitza eta zerbitzuak batu ditu– .

Bide desberdinak hartu dituzue.
M.U.: Ez, azken urteotako kontua izan da. Pochutan gauzak aldatzen saiatu gara; eskubidez dagokiena lortzeko borrokatu daitezen eta erakundera jo dezaten: osasuna, hezkuntza, emakumea... Guk lagundu baino ezin genezake egin. Gertatu dena da bizpahiru lagunek GKEaren zuzendaritza hartu dutela. Konfiantza galdu, eta huts egin digutela sentitu dugu.

Pochutara mugatu zarete beti?
R.C.: Guatemalan denboran oso mugatutako beste proiektu batzuk garatu arren, gero Pochutan batu dugu lan guztia.
M.U.: Herritik herrirako kooperazioa egitea erabaki genuen. Herrialde osoan zer gertatzen zen erakusteko Pochuta eredutzat jarri, eta herritarrak sentsibilizatzeko bidea izan zitekeela pentsatu genuen. Guatemalan dauden arazo guztiak batzen dira Pochutan. Gainera, Erdialdeko Amerikako hainbat herritan ikusi zenezake egoera bera.

Kooperazioa, elkartasuna... onenak emanda dago.
R.C.: Berlingo harresia jausi ostean, nazioartean gauzak beste era batera egiteko testuingurua sortu zen 1990eko hamarkadan. Hego Euskal Herrian ere –trantsiziotik atera berri– begiak munduari zabaltzen genbiltzan 1980ko hamarkadan, eta ezkerreko mugimendu inportante bat sortu zen. Hori Latinoamerikan eta Erdialdeko Amerikan sortutako ezkerreko mugimenduagaz –Behartsuen Elizagaz batuko zen– elkartu zen. Hor sortu zen 0,7a eta kooperazioa.
M.U.: Orain, baina, loguratu egin da, interesa egon delako. 90eko hamarkadaren amaieran kooperaziorako diru publikoa zegoen, kalean eskatu zelako. Hala ere, teknifikazio gero eta altuagoak espezializazio handigoa ekarri zuen. Tekniko espezialistek boluntarioak ordezkatu zituzten, GKEak herritarrengandik gero eta gehiago urrunduz. Handiagoa da erakundeekiko menpekotasuna ere. Bide horretan asko kanpoan geratu ziren.

Kooperazioa aldatu egin da.
R.C.: Gizartea ere bai. Gabeziak betetzen joan da administrazioa, gizarte aktibo izatetik pasibo izatera igaroz. Hala ere, badago oraindik honetan sinisten duenik. 2010ean Bateginezek une latzak bizi izan zituen, eta jendeak eta erakundeek erantzun egin zuten. Gainera, orain hainbat mugimendu dabiltza sortzen.
M.U.: Urteotan kooperazioa zer den ikasi dugu guk. Orain bestelakoa da ikuspuntua: kredituak lortzeko edo Pochutara joan gura dutelako etorri zaizkigu...

Ikuspegi desberdina...
R.C.: Ikuspuntu kritikoa galdu dela uste dut. Karitatearen ikusmoldera eramateko joera orokorra dago. Hori ez da gura bidea.
M.U.: Zergatik bizi dute egoera hori? Espiritu kritiko hori galtzen dabil. Murrizketek izan dute eragina horretan.

Urte hauetako balorazioa?
M.U.: Saltsa guztietan sartu gara. Asko ikasi dugu 22 urteotan.
R.C.: Kalera irteteko giza baliabide gutxi izan dugu azken urteotan. Baina hori aldatzeko ahalegin handia egin dugu.

Eta orain zer?
R.C.: Testigantza utzi nahi dugu, norbaitek lekukoa hartu dezan. Hori bai, deszentralizatutako garapenerako kooperazioa babesten jarraitzen dugu; injustizia sentsazioak bultzatutako kooperazioan sinisten dugu.
M.U.: Bidezkoa delako kooperatu izan zen Bateginezen lehenengo leloa. Mundua txarto antolatuta dago; oso bidegabea da. Mundu justuago bat posible dela sinisten jarraitzen dugu. Ez diogu horri bizkarra ematen.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!