Fede Mendizabal Tabirakoko ohorezko presidente izendatu dute

Anboto 2015ko eka. 11a, 13:13

Tabirakok denboraldi amaieran egin ohi duen bazkariak hainbat une hunkigarri izan ditu aurtengoan. Horietako bat izan zen Fede Mendizabal ohorezko presidente izendatu zuten unea:  ohorezko makila eman, eta aurreskua dantzatu zioten.


Mendizabal Tabirakoren sortzaileetako bat izan zen, eta baita lehenengo talde hartako partaidea ere. Harrezkero joan diren 55 urteetan klubari lotuta egon da. Gaur egun, klubeko diruzaina da.

1960ko lehenengo talde hartan taldekide izan zituen Jose Antonio Agirre, Antonio Corrales, Jesus Mari Merino eta Javier Urcelayk bertatik bertara jarraitu zuten ekitaldia; baita klubeko hainbat presidente ohik ere; esaterako, Ramon Vilak, Peru Perugorriak, Iñaki Sevillak, Oscar Presnok eta Hilario Perezek. Euskadiko federazioko ordezkari Arturo Aguado eta Bizkaiko federazioko presidente German Monje ere bertan izan ziren. Azken horiek oroigarri bat oparitu zioten.

Agurrak eta ongietorriak
Klubetik irten berri den zuzendaritzaren azken bazkaria izan zen joan zen zapatukoa. Eguaztenean egin zuten batzar orokorretik aurrera Ina Mendibe buru duen zuzendaritzak hartu dio lekukoa.

Bazkariaren amaieran klubak intsignia bana erregalatu zien Marian Fernandez jokalariari, klubean izan duen ibilbideagatik, eta Itsaso Gartzia presidente ohiari, urtetan Tabirakoren alde erakutsi duen konpromisoagatik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!