Etxeraten arabera, atzo kartzelatik atera zutenetik lau poliziak zaintzen dute, eta eskuburdinak ipinita eduki dute. Gainera, musika ipini eta zaratak egin dituztela ere kritikatu du, gaixorik dagoen presoaren lasaitasuna oztopatuz. Adibidez, altzari bat apurtu dutela esan du presoen seniden elkarteak. Fraileren senideek presoa urduri topatu dutela esan du Etxeratek, eta egoera horregatik ebakuntza bertan behera uzteko zorian egon dela. Senideei hasieran lau orduko bisita edukitzeko aukera eman zieten, baina poliziek ordu erdira murriztu zieten eskubidea.
Gaur goizean hasi dute ebakuntza, eta arratsaldean amaitzea aurreikusi dute. Senideei ez diete itxarongelan egoten utzi, baina Euskal herriko mediku batzuek egindako deien ondoren senide bik sartzea lortu dute. Poliziek Frailegaz batera jarraitzen dute ebakuntzan ere.
Amaiurren eskaera
Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko diputatuak urjentziazko eskutitza bidali dio Eugenio Pino Sanchezi, Espainiako poliziaren operazio zuzendari albokoari Gorka Fraile presoa jasaten ari den "tratu iraingarriari" amaiera eman diezaiola exijituz.