Nagusien mailan Aitor Elordi iurretarra eta Txaber Zabala durangarra dira aurtengo irabazleak. Atzo Durangoko Ezkurdi Jai-Alain jokatutako finalean erraz nagusitu zitzaizkien Aurtenetxeri eta Olalderi: 22-11. Partiduaren hasieran egon zen gakoa eta irabazleek zulo handia ireki zuten (10-0). Partiduko bigarren zatian aldeari eutsi zioten.
Eskolarteko XXV. Pilota Txapelketari zegozkion final bi ere jokatu zituzten kadete eta promesa mailetan. Kadeteen mailan Paul Sagasta elorriarrak 22-14 menderatu zuen Aingeru Olaguenaga durangarra. Promesen mailan Jon Zubikarai markinarrak 22-4 irabazi zion Arkaitz Diez atxondarrari.
Zale asko batu zen finalak ikustera. Durangoko pilopta eskolako gaztetxoek domina bana jaso zuten finalen ostean.
Eskolarteko txapelketako umetxoen finalak
Eskolarteko txapelketako ume mailetako finalak joan zen barikuan jokatu ziren Durangon. Umetxoen B mailan Unax Perezek jantzi zuen txapela eta A mailan Ekain Etxebarriak. Umeen B mailan Manex Roman nagusitu zen eta A mailan Iker Arraoitajauregik. Azken final bi horietan emozioz betetako partiduak jokatu zituzten.