Eneko Boveda maila onean ibili da Eibarren, eta neguko merkatuaz geroztik sarritan berba egin izan da Athleticen balizko fitxaketaz. Zurrumurruak baieztatu ditu gaur Josu Urrutiak, eta oraindik ofizialki aurkeztu ez duten arren, uztailean Athleticen hasiko da lanean durangarra. Aurredenboraldia egin, eta Europa Leagueko kanporaketak jokatuko ditu udan Bilboko taldeagaz.
Lezamako harrobiko jokalaria da Boveda. 2009an egin zuen debuta, baina sasoi haretan ez zuen jokatzeko aukera larregi izan. Eibarrera joan zen, eta azken lau denboraldietan armaginek izandako gorakadan parte hartu du, 2.B mailatik Lehen Mailara igoz.